Sammic enpresa Azkoitira doa

Basarten egiten ari diren pabilioi berria.

Basarten toki bakar batean eta leku handiago batean egongo dira (Urola Kostako Hitza)

Sammic enpresa Landetako industriagunetik Basarteko industriagunera joango da. Dagoeneko hasita daude han pabiloi berria egiten. Lantoki berria egiteko erabakian eragin duen arrazoi nagusienetakoa lekua izan da; hala dio Xabier Goenaga Sammic-eko gerenteak: "Gaur egun bi pabiloietan banatuta gaude, errepidearen bi aldetara, eta pabiloi berrian guztiok batera egongo gara, eremu bakarrean eta gainera leku handiagoan".

Orain dela hiru edo lau urte hasi ziren Sammic-ekoak lantokia egiteko leku bila. "Toki bila ibili gara, baina ez dugu guk nahi genuen neurriko eta prezioko beste tokirik aurkitu. Azpeitiko Udaleko arduradunekin hizketan ere jardun dugu. Basarteko industriagunea bi herriren artean dago, Azkoitia eta Azpeitia artean. Baina, guk lurrak hartu ditugun tokia industriagunearen Azkoitiko aldean dago, hain zuzen ere".

.40 urtetik gorako enpresa

Sammic enpresa 1961ean sortu zen. Landetako industriagunean dagoen enpresa honek, janariak prestatzeko eta kontserbatzeko edota sukaldeko ontziteria garbitzeko makinak garatu, fabrikatu eta komerzializatzen ditu. Gaur egun 150 langile inguruk lan egiten dute Sammic-en.

.1997an, sortzaileek Enodis enpresa britainiarrari saldu zioten Sammic. Baina hamarkada honen hasieran 3i-k, Elkarkidetza-k eta Geroa-k inbertitu zuten Sammic-en, eta enpresak Management Buy Out operazioarekin independentzia berreskuratu zuen.

Izan ere, iazko apirilean, 3i-k, Elkarkidetza-k eta Geroa-k Sammic enpresaren euren zatia (%52a) enpresako beste bazkideei saldu zieten; zuzendaritza, langile eta inbertsio pribatua duen taldeari, alegia.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide