Urrestillako trikitilariak gogoan

Juan Luis Zabala (Berria) 2006ko ira. 29a, 17:09
Atzo Donostian, 'Urrestillako Trikitixa eta Iturbidetarrak' liburuaren aurkezpenean Imanol Arregi 'Iturbide'. Pili Aranaga, Iñaki Aranaga, Joxemari Iriondo eta Gurutz Aranaga.

Auntxa soinu jotzaileari eta 'Iturbide'-tarren familiari buruzko liburua idatzi du Joxemari Iriondok

Bihar, larunbata, 12:00etan aurkeztuko da liburua Urrestilan (Urola Kostako Hitza)

Auntxa soinu jotzailea eta Iturbidetarren familiako Patxi, Migel Angel, Boni, Joxe Mari eta Imanol Arregi pandero jotzaileak ardatz nagusi hartuta, Urrestillako trikitixaren historia aztertu eta kontatu du Joxemari Iriondo azpeitiar kazetariak Trikitixa Elkartearen eskutik Soinuaren Liburutegia bilduman kaleratu berri duen Urrestillako Trikitixa. Auntxa eta Iturbidetarrak liburuan. Liburuarekin batera, aspaldiko grabazioekin osatutako diskoa ere argitaratu du Iriondok.

Frantzisko Antonio Aranaga Aramendi 'Auntxa'-k (Urrestilla, 1910-2001) Kandido Beristain Norberta azkoitiar trikitilaria izan zuen irakasle lehenik, eta Jazinto Rivas Elgeta geroago. 11 urte zituela erosi zuen lehen soinua, eta gazterik hasi zen erromerietan eta ezteietan jotzen. Horretaz gain, Zestoako Bainuetxean ere aritzen zen, udan, Joxe Gurrutxaga Txokolo pianistarekin batera.

Inguruko erromeria askotan ohiko soinu jotzailea izan zen: Urrestillan bertan, Oñatzen, Nuarben, Aratz-Errekan, Arriaranen, Kizkitzan, Iturriotzen, Ezkion, Santa Marinan, Zelatunen, Erdoiztan... Nafarroan eta Lapurdin ere aritu zen geroago. Sakabi eta 'Elgeta'-rekin batera, soinu jotzailerik estimatuenetakoa izan zen urte askoan.

"Auntxa ez zen soinu jotzailea bakarrik, ibiltari handia ere bazen", ekarri zuen gogora Iriondok atzo, liburuaren aurkezpenean. Arlo horretako kontuak eta anekdotak ere bildu ditu liburuan.

Auntxarekin batera pandero jotzen Iturbidetarrak aritu ziren askotan, ia beti, eta Itubidetarrek liburuan eskaini diena baino gehiago merezi dutelako irudipena geratu zaio, liburua amaitu eta gero, Iriondori.

Liburuarekin batera kaleratutako diskoak lau grabazio jasotzen ditu:

.1- Migel eta Imanol 'Iturbide'-rekin batera jotzen entzuten da aurrenekoan Auntxa, Loiolako Herri Irratian, 1973ko martxoan;

.2- Bigarrengoan, Auntxa eta Imanol Iturbide ari dira, leku berean, 1971n.

.3- Auntxa bakarrik, etxeko sukaldean

.4- Eta azkenik, txikitia jotzen duena ez da Auntxa, Auntxaren iloba baizik, Antonio Aranaga Kerejeta Auntxa II.a (Urrestilla, 1929-Azpeitia, 1976).

Grabazio guztiak Iriondok eginak dira, Auntxaren etxeko sukaldekoa izan ezik, hori Iñaki Aranagak egin baitzuen.

Auntxa II.aren grabazioa kostata lortu zuen Iriondok: "Soinu jotzaile harrigarria zen. Antza denez, Zumarragan 1950 edo 1951. urtearen inguruan soinu txikiarekin txapela irabazi zuen, baina ez dut horren inguruko dokumentaziorik inon aurkitu. Nik askotan grabatu nahi izan nion, baina ez zuen nahi izaten. Elkarte batean grabatu nizkion diskoan dauden bi fandangoak. Oso oker ez banago, Auntxa II.aren grabazio bakarra da".

Aurkezpena Azpeitian

Urrestillako Trikitixa, Auntxa eta Iturbidetarrak liburua bihar, larunbata, aurkeztuko dute Azpeitian. Hori dela eta hainbat ekitaldi izango dira:

Urrestilla
11:00etan. Meza, Urrestillako parrokian.
11:30ean. Kalejira. Irungo Auntxa Trikitixa Eskola eta Azpeitiko Musika Eskolako trikitilarien eskutik.
12:00etan. Liburu-diskoaren aurkezpena, jubilatuen lokalean.

Azpeitian
17:00etan. Kalejira, Azpeitiko kaleetan. Parte hartuko duten taldeak:
-Trikitixa Eskolak.
-Irungo Auntxa trikitixa Eskola.
-Eibarko Juan Bautista Gizasola Musika Eskola.
-Elgoibarko Inazio Bereziartua Musika Eskola.
-Soraluzeko Musika Eskola.
-Zarauzko Musika Eskola.
-Azpeitiko Juan Antxieta Musika Eskola.

19:00etan. Trikitixa jaialdia Azpeitiko plazan, Trikitixa Eskolako eta Azpeitiko Dantza sueltokoen eskutik.