Iriondok Joxe Mari Aranalderen biografia idatzi du

Bidegileak bildumako liburua da Joxe Mari Iriondok idatzi duen biografia

Hil honen hasieran argitaratu badute ere, datorren urtera arte ez dute salgai jarriko (Tolosaldeko Hitza)

Joxe Mari Iriondo kazetari azpeitiarrak, Joxe Mari Aranalde idazlearen biografia idatzi du. Liburua, irailaren hasieran argitaratu zuten eta Aranalderen bizitzaren nondik norakoen berri ematen du, 25 orrialde eta hiru ataletan banatuta.

Pasatu den igandean, hilak 24, Aranalderen heriotzaren urteurrenaren harira, Gaztelun 400 ale banatu baziren ere, datorren urtera arte ezingo da Aranalderen biografiarik eskuratu.

Liburu hau, Euskaltzaindiak argitaratzen duen Bidegileak izenpeko lau liburuxkako bilduma osatzen duenetako bat da. Amankomunean duten gai bat hartu eta lau pertsonen biografiekin karpetatxo bat osatuko da. Bilduma osatatutakoan jarriko da salgai karpeta.

Liburua atalka

Gazteluko Kabaileroa izenpean, jaiotzetik hiltzerainoko bidea kontatzen du bertan Iriondok, apaiz lanetan egindako bidearekin batera. Irakasle eta idazle izenburuarekin, idazle, irakasle, itzulpen eta hizlari gisa egindako lana jasotzen ditu bigarren atalak. Liburuaren azken zatian, berriz, Ederraren miresle izenarekin, Aranalderen zaletasunen inguruan mintzatzen da idazlea, besteak beste, bertsozaletasuna eta euskalzaletasuna aipatuz.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide