Etxeetan lapurretak igo egin dira

Urola Kostako Hitza 2006ko ira. 28a, 17:09

Herritarrei adi egoteko eta lapurrei lana zailtzeko gomendioa egin dute

Azpeitian, lau saiakeretatik hirutan kale egin dute lapurrek (Urola Kostako Hitza)

Uztailetik irailera bitartean lapurreta ugari izan da Azkoitiko eta Azpeitiko etxeetan. Azkoitiko Ertzaintzako arduradunek jakitera eman dutenez, 11 etxetan sartu dira lapurrak.

Azkoitian egindako 11 saiakeretatik 10etan lapurtu dute; eta Azpeitian, berriz, lau saiakeretatik hirutan kale egin dute lapurrek. Joan den ostiralean hiru lapurreta izan ziren bi herrietan. Ertzaintzaren ustez, kanpotik etortzen diren hiru gizonezko dira lapurrak. Bi lagun etxeetan sartzen diren bitartean, hirugarrena kalean zaintzen geratzen da. Bost minutuan egiten dute lana, eta diruaren eta bitxien bila joaten dira zuzenean.

Bi herrietan normalean izaten diren lapurreten estatistikek gora egin dute nabarmen, eta horregatik Ertzaintzak neurri bereziak hartuko dituela iragarri du. Prebentzioa indartu, polizien presentzia kaleetan areagotu eta oraindik zehaztu gabe dauden bestelako neurriak jarriko dituzte martxan.

Ertzaintzaren helburua lapurreta gehiago ez gertatzea da, eta ahal badute, errudunak atxilotzea. Baina badakite hori zaila dela, frogarik ez dutelako uzten eta lapurreta egiten ez badituzte harrapatzen ia ezinezkoa delako ezer frogatzea.

"Ez dugu alarma sortu nahi, baina jendea adi egotea nahiko genuke, datuak izatea oso garrantzitsua baita", adierazi du Ertzaintzak, "baina inoiz ez zaie lapurrei aurre egin behar". "Delitu estrategikoa da hau, etxea babeslekua delako", gaineratu dute. Lapurretak saihesteko bi gomendio egin dituzte. Batetik, etxebizitza hutsik geratzen denean atea giltzarekin ixtea; eta bestetik, etxeperako sarbidean filtroak jartzea, hau da, jendeari karreretako sarrera mugatzea, ahal den heinean.