'Azpeitiarrak Espainiako Gerran' liburuaren aurkezpena ostiralean

Uztarria 2006ko ira. 27a, 17:09

Gerra bizi izan zutenekin elkarrizketak egin ditu Amaia Mendizabalek; Uztarriaren 11. liburua da

Ekitaldia udaletxean izango da, 19:30ean

Espainiako Gerra hasi zenetik 70 urte bete dira eta, hain zuzen, 1936ko irailean sartu ziren Francoren aldeko tropak Azpeitian.

Hori guztia dela eta, liburua egin du Amaia Mendizabalek: Azpeitiarrak Espainiako Gerran. Bertan, gerra era batera nahiz bestera bizi izan zuten herritarrei egindako bederatzi elkarrizketa daude. Uztarria Kultur Koordinakundea da argitaratzailea, eta elkartearen 11. liburua da.

Uztarriak "balio kulturala" eman nahi dio lan honi, "garrantzitsua" delako historiari begiratua ematea. "Espainiako Gerrak eta frankismoak Azpeitian ere izan zuten eragin zuzenik, eta hori, hurbiletik bizi izan zuten herritarrek beraiek kontatzea nahi izan dugu".

Liburuaren aurkezpena

Eguna. Irailaren 29a (ostirala).
Ordua. 19:30ak.
Tokia. Azpeitiko Udaletxeko areto nagusia.
Liburua. Azpeitiarrak Espainiako Gerran.
Egilea. Amaia Mendizabal Elias kazetaria.
Argitaratzailea. Uztarria Azpeitiko Kultur Koordinakundea.

Uztarriako bazkideak bihar hasiko dira liburua jasotzen, ohi bezala. Eta, haiek ez ezik, elkarteak herritar denak gonbidatzen ditu ostiraleko aurkezpenera.