FAESA lantegia itxi eta 24 langile lanik gabe gelditu dira

FAESA lantegia Landeta hiribidean dago, lehenengo solairuan.

Langileek kontua epaitegietara eraman dute; irailaren 24an izango dute epaiketa

Lantegia uztaileko azken egunean itxi zuten (Urola Kostako Hitza)

Landeta industriagunean dagoen FAESA (Fabricacíon de engranajes S.A.) enpresa itxi egin zuten uztailaren azken egunean eta bertan lanean ari ziren 24 langile lanik gabe gelditu ziren, halabeharrez. Langileek epaitegietara eraman dute kontua eta orain auzibidean dago. Urriaren 24an izango dute epaiketa.

Uztailaren azken egunean itxi zuten enpresa. Urola Kostako Hitzak jakin duenez uztailaren 28an oporrak hartu behar zituztela uste zuten FAESAko langileek, baina egun bat lehenago, uztailaren 27an, enpresa itxi egin behar zutela jakin zuten.

ELA Sindikatutik esan dutenez, "langile guztiei arrazoitu gabeko kaleratzea zela esanez gutun bat eman zien enpresak, besterik ez. INEMera joateko agiri zuzenik ere ez diete eman langileei. Ondorioz, kontua auzibidean sartu zuten langileek. Enpresa honen bazkidea Monzon-ekoa (Huesca, Aragoi, Espainia) da eta hura ari da enpresa likidatzen". Sindikatuaren esanetan enpresak gauzak "ez ditu batere ondo egin" eta orain epaitegian erabaki beharko da auzia.

Sindikatukoen esanetan, "dirudienez azken urteetan FAESA enpresa ez zebilen batere ondo, makinaria zaharra zuen eta hemengo nagusia zena jubilatuta zegoen".

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide