Euskal literaturaren zenbakiak

Pako Aristi 'Berria' 2006ko ira. 14a, 17:09

Pako Aristiren iritzi hau argitaratu dute Berria egunkarian

Duela gutxi gutun anonimo bat jaso nuen; anonimoa izan arren amablea, hori bai. Kalaka programan nire partaidetza mintzagai hartuta, honela bukatzen zuen gutuna igorleak: "Zure lekua ez dago plato batean, dexente harritu nintzen han azaltzen zinela ikusi nuenean, baina ulertzen dut bizitzeko ere dirua behar dela. Agian jende multzo handi batengana iritsiko zara era horretan, baina nik nahiago zaitut idazten, ezagutzen zaitugunon taldea txikiagoa izan arren". Erabat ados nago; "ere" baten kokalekua aldatuko nuke soilik, "bizitzeko ere dirua behar da" dioen tokian "bizitzeko dirua ere behar da" idatziz.

Jende asko harritu da ni telebistan agertu naizelako, telebistarekin beti zein kritikoa naizen jakinda. Esaldi batekin erantzungo diet guztiei: Telebistak nire lana erosten du, ez nire isiltasuna, uste dut hori bereiztea garrantzitsua dela. Telebistak bere makinarian lan ona egin dezakedala uste duelako kontratatzen nau, ez ni isiltzearen esperantzan. Beren helburuak betetzeko balio badiet, eurak ere balio diezadakete niri uneren batean nire helburuak betetzeko. Jendeak orohar autonomia pertsonal eskasa dauka, morroiaren sindromeak jota bizi da, lortu duen soldatatxoa, pisutxoa, estatusa galtzeko ikaran, eta beldur horrek menpeko bihurtzen du haien adimena. Diruz eros dezakegunak, ordea, ez du, zinez, ezer balio.

Dirua. Literatura. Euskaldunak.

Nik bizitza disfrutatu dut, hainbeste idatzi dut, ni zoriontsu izan naiz dirua irabazten ez dudalako enpeinurik jarri, nire lehentasunen zerrendan dirua hamargarren postura jaitsi nuelako. Gauza gutxi behar ditut, eta horiek irabazteak ez dit denbora asko galarazi. Beste guztia bizitzari eskainitako gorazarre etengabe bat izan da, existentzia ospatuz bizitze bat, eta horrela izango da aurrerantzean ere.

Baina era berean herri baten osagarri naiz, egoera berezia daukan hizkuntza bateko artisaua, sistema literario batean partaide. Euskal Herriaren historiarekin batera doa nire lana ere; hemengo aldaketa linguistikoek, sozialek eta kulturalek eragina dute nire lanean ere. Nire lanari, izan ere, neurri handi batean hartzaileak ematen dio zentzua, irakurleak. Nire burua egitura horren barruan kokatu nahi dut.

Euskarari dagokionez irakurleen defizit larri bat bizi dugu orokorrean, irakurleena, erosleena, kontsumitzaileena (nahiz eta azken hitz hau ez zaidan batere gustatzen). Badirudi euskaldunon bizi maila zenbat eta altuagoa den orduan eta gutxiago gastatzen dugula kulturan. Diru guztia aisialdian doakigu, ondo pasatzen eta ondasunak pilatzen. Kultura denbora-pasa aspergarrien zerrendan jarria dago, hala izan gabe. Klase politikoak ere ez du gehiegi egiten kultur kontzientzia bat hedatzeko, hedabideek ere ez dute inor apasionatzen, ez kulturari buruz, ezta euskarari dagokionez ere. Haien funtzioa hori ez dela esango dute, baina hedabideak pertsona batzuek zuzentzen dituzte, eta pertsona horiek erabakitzen dute zentzua zein izango duten.

Uztailean jakin genuen Euskal Herriak 100.000 prentsa irakurle galdu dituela. Berria honen erosleak ez omen dira Donostian bere alde manifestatu ziren 100.000 lagun haietatik herenak ere. Non daude aldarrikatu arren erosten ez duten 66.000 lagun? Euskal kulturarekiko bizi dugun fartsaren metafora bilakatuak daude honezgero. Ekimen asko jar ditzakegu martxan, baina nazio bezala huts egiten dugu.

Ez dugu gure kultura sostengatzen gure eguneroko bizitzan, ez dugu dirurik inbertitzen, euskarazko unibertso bat zutik mantentzeko adinako masa kritikorik ez daukagu. Eta inoiz ez edukitzeko bidean sartu gara, nik uste erremediorik gabe. Kultur nazionalaren ordez simulakro nazionala da gurea, eta euskara gure ederki bizitzearen hornigailu subsidiarioa baino ez da, gaur-gaurkoz.

Arazoa orokorra da, hitz egiten duena ni izan arren. Nire azken liburuak ez dira 2.000 ale baino saldu. Beste idazle askoren zifrak badakizkit, eta hortik behera daude asko eta asko, baita kontsagratuak ere. Hori da ikastetxeetarako moduko literatura egiten ez dutenen kondena. Durangoko irteera txanpan agian 1.500 saltzera iritsiko zara; gero, urtean zehar, 12 hilabetetan ez dira 300 ale baino gehiago saltzen, tantaka-tantaka. Eta nik, gutun-idazle anonimo maitea, 10.000 irakurle behar ditut urtero, hortik biziko banaiz. Eta hori umil-umil bizi naizelarik.