Plaza gainezka egin beharrean

Urola Kostako Hitza 2006ko uzt. 26a, 13:07
Herriko plaza jendez bete zen atzo eguerdian.

Donostiako Astiazaran sagardogileak irabazi du XXXIV. Sagardo Txapelketa

Euskadiko Blonda lehiaketan Eizmendi baserriak 12 sari jaso ditu

Santio Eguna 10 argazkitan bildu dugu (Urola Kostako Hitza)

Eguerdi alderako festa giroa piztu zen atzo (hilak 25) plazan, lehertu beharrean zegoen, jendez gainezka. 12:00etan hasi ziren txekor errearen haragi zatiak eta sagardoa banatzen. Ordu eta erdiren buruan 300 kilo eskas zituen txekorra banatuta zuten Euskal Labela duten herriko harakinek, eta hainbat sagardogilek Azpeitira ekarritako 120 botilak hustuta zituzten.

Goiztiarrenak, ordea, Euskadiko XI. Blonda arrazako ganadu txapelketakoak izan ziren. 16 sailetan banatuta egin zuten lehiaketa eta hamar ganadutegik parte hartu zuten. Herriko ganadutegien artean sari gehien eskuratu zituena Eizmendi baserriko Jose Esnaola ganaduzalea izan zen. Ehun burutik gora izan ziren ikusgai astotegian eta Zelai Luzen. Enkantean idisko bat ere jarri zuten, baina inork ez zuen izenik eman eta bertan behera gelditu zen.

Ganadu txapelketa ari zen bitartean, plazan Idiazabal izendapeneko VII. Gazta Lehiaketa egin zuten. 17 gaztagilek parte hartu zuten, eta lehen saria Mausitxa elgoibartarrak jaso zuen.

Gazta lehiaketa bukatu orduko, XXXIV. Sagardo Lehiaketako epaimahaikideak 23 sagardogileren sagardoak dastatzen hasita zeuden. Herriko sei elkarteetako kideak ere ibili ziren sagardoak dastatzen. Aurten, epaimahaikoak eta herriko elkarteak ez dira bat etorri sagardo onena aukeratzeko orduan. Elkarteek Bereziartua sagardogilearena aukeratu zuten, eta epaimahaikoek, berriz, Astiazaranena.

"Txapelketa ederra"

Astiazaran sagardotegiko Juan Ignazio Astiazaranek ederki ezagutzen du Azpeitiko Sagardo Txapelketa. "Azpeitian txapelketa antolatzen hasi zenetik etortzen naiz hona. Txapelketa oso elegantea eta ederra da", zioen sagardogile donostiarrak. Hala ere, "zer hobetu baduela" zioen. "Sagardo txapelketak lehenago hasi beharko luke, gaztarenarekin batera. Behin sagardoa bukatzen denean, sagardo edaleak alde egiten du plazatik, eta oraindik emaitza jakiteko egoten da", zioen.

Astiazaranek ez zuen espero txapelketa irabaztea: "Ez nuen espero, baina etorri egiten dira". Bi sagar motarekin egindako sagardoa ekarri zuen atzo Azpeitira, "esperientzia moduan egindako sagardoa da, bariatate asko ibili gabe egindakoa. Bi sagar motarekin egin dut".

Epaimahaikoek txapelketaren bukaeran adierazi zutenez, aurten txapelketara ekarritako sagardoen artean ez zegoen alde handirik, "denak igoaltsuak" zirela zioten. Bukaerako puntuazioan bi berdinketa ere egon ziren, eta beste buelta batean erabaki behar izan zituzten hirugarren eta lehen sariak.

Arratsaldean, berriz, zezenen desenkajonamendia izan zen zezen-plazan. bertan, saninazioetako zezenketetan toreatuko dituzten zezenak erakutsi zituzten. Gauean, plaza berriro jendez bete zen 22:00ak aldera hasi zen Anje Duhalderen emanaldia ikusteko.

Txapelketak

Euskadiko XI. Blonda txapelketa
Ganadutegi onenak.
.1- Eizmendi baserria (Azpeitia).
.2- Larre Haundi baserria (Errenteria).

Txapelketako ganadu onenak
- Biga onena: Vivien (Eizmendi baserrikoa, Azpeitia).
- Behirik onenea: Ruperta (Larre Haundi baserrikoa, Errenteria).
- Idiskorik onenea: Univers (Makuleta baserrikoa, Arrieta).

Azpeitiko ganadutegiek jasotako sariak
- Eizmendi baserriak: 12 sari jaso zituen. Hiru sailetan lehen sariak eta bigarren sariak lau jaso zituen.
- Agite baserriak: bederatzi sari jaso zituen. Lehen sari bat eta bigarrengo lau sari.
- Gaztelu baserriak: hiru sari jaso zituen. hiru sail desberdinetan lehen, bigarren eta hirugarren saria.

VIII. Idiazabal izeneko gazata lehiaketa

Irabazleak
.1- Jexux Mari Ansola Mausitxa (Elgoibar).
.2- Aranburu (Idiazabal).
.3- Galtzata Elkartea (Oiartzun).
.4- Arantza Segurola (Legazpi).
.5- Berastegi Elkartea (Azpeitia).
.6- Amiztegi (OƱati).

XXI. Pilota txapelketa Cesar Valverde saria

Benjamin aurrekoak, bigarren maila
.1- Azkue.
.2- Zubizarreta.

Benjamin aurrekoak
.1- Kerejeta.
.2- Arrizabalaga.

Benjaminak
.1- PeƱagarikano-Aizpitarte.
.2- merketegi-Barkia.

Alebinak, bigarren maila
.1- Martinez-Iparragirre.
.2- Guridi-Azpeitia.

Alebinak
.1- Arregi-Solozabal.
.2- Cantero-Aizpuru.

Infantilek
.1- Otaegi-Galarraga.
.2- Aizpuru-Aztiazaran.

XXXIV. Sagardo lehiaketa

Herriko elkarteek emandako epaia
.1- Bereziartua.
.2- Lizeaga.

Txapelketako sariak. Epaimahaiak emanda
.1- Astiazaran (Donostia).
.2- Petritegi (Astigarraga).
.3- Sarasua (Asteasu).