Lokal aldaketan Udalak izandako jarrera salatu nahi dugu

Amaia Aranaga (Itsasi Euskal Kultur Taldearen izenean) 2006ko uzt. 12a, 12:07

Kuartel zaharretik Jesus Mariarata egin beharreko lokal aldaketan Udalak izandako jarrera salatu nahi izan du Itsasi Euskal Kultur Taldeko kideak

Idatzi honen bitartez, Itsasi Euskal Kultur taldeko kideok, Azpeitiako Udala gurekin izaten ari den jarrera salatu nahi dugu.

Bada jada urtebete kuartel zaharra bota behar zutela eta, lokal aldaketa egin beharko genuela esan zigutenetik. Guretzako lokal egoki bat bilatu nahirik, aukera ezberdinak aztertu genituen. Azkenik, duela hilabete eta erdi inguru, Jesus Mariatan guretzako moduko lokal bat adostu genuen.

Gure aldetik, hasiera-hasieratik jarritako baldintzak bi izan ziren:

1).- Lokal aldaketa egiteko gutxienez hilabeteko epea beharko genuela.

2).- Eta gure baimenik gabe, ez hasteko beren kabuz gure lokaletik gauzak eramaten.

Ekainaren 26an, lokal berriko obrak ikusten izan ginen, eta abuzturako lokal berrira pasatu beharko genuela esan ziguten. Uztailaren 16an Azpeitia Dantzan-en gure dantza ekitaldia ematekoak garenez, egun horreta arte behintzat lokal zaharrean jarraituko genuela adierazi genien, uztail bukaerarako aldaketa egitea onartuz.

Uztailak 7an, dei baten bitartez, kuartel zaharra, asteartean, hilaren 11n, bota behar zutela adierazi ziguten, ordurako lokala husteko agindua jasoz.

Nahiz eta hasiera batean aldaketa egiteko hilabeteko epea eskatu, 15 egunetan burutzeko prest azaldu ginen. Baina azken egunetan, 4 egunen buruan egiteko agindua jaso dugu. Hau guztia gutxi balitz, lokal berria oraindik guztiz egokitu gabe dago, eta hara ezin dugu aldatu.

Bestalde, bigarren baldintza ere ez dute errespetatu, izan ere gaurko egunez (uztailak 10), gure lokalean sartu eta gure baimenik gabe zenbait altzairu eraman dituzte.

Udal guztiak honetan zerikusia badu ere, prozesu honetan eduki dugun harreman bakarra Kultura sailarekin izan da. Beraiekin gure eskaerak aztertu, adostu eta onartuak izan dira. Baina azken orduan, kultura sailarekin adostutako guztia aintzakotzat hartu gabe lau egunetan lokaletik bidali nahi gaituzte.

Ondorioz, hasieratik ezarri eta onartutako baldintzak errespetatu ditzatela eskatzen dugu, lokal aldaketa modu egoki batean egiteko.