San Inazioetako zezenketetan, zekorketa bat eta hiru zezenketa izango dira

Txetxu Iriarte, Mikel Ibartzabal, Joxin Iriarte, Loli Etxeberria eta Julian Eizmendi, atzo Donostian egindako agerraldian.

Aurtengo zezenketetako kartela Loli Etxeberriak egin du,eta San Inazioren heriotzaren 450. urteurrenean oinarritu da (Urola Kostako Hitza)

Atzo, ostirala, aurkeztu zituzten San Inazio jaietan izango diren zezenketak, Donostiako Maria Kristina Hotelean. Aurtengo zezenketen kartel berria ere atzoko agerraldian aurkeztu zuten.

Aurten estreinatuko duten kartela, aurrekoa bezala, Loli Etxeberria margolari azpeitiarrak egin du. Kartel berria, aurtengo ekitaldi nagusian oinarritu da, San Inazioren heriotzaren 450. urteurrenean hain zuzen ere.

Atzoko agerraldian, Mikel Ibartzabal Azpeitiko Udaleko Festa Batzordeburua, Joxin Iriarte Azpeitiko Zezenzaleen Batzordeburua, Julian Eizmendi Azpeitiko alkatea, Txetxu Iriarte Zezenzaleen Elkarteko kidea eta Loli Etxeberria kartel berriaren egilea izan ziren.

Aurten, San Inazioetako egitaraua, hiru zezenketek eta zekorketa batek osatuko dute. Zezenzaleen Elkarteko Batzordeburuak azaldu zuenenez, «aurten ere, urtero bezala, daukagun aurrekontu ahalmenaren araberako ganadutegi onenak ekartzen ahalegindu gara».

Bestalde, Iriartek azaldu zuenez, «proiekzio nabarmena duten gazteen aldeko apustua egin dugu, eta baita txunditzeko prest dauden toreatzaile beteranoen alde ere».

Zezenak Azpeitian

Azpeitiko alkateak, Azpeitiko historian zezenek izan duten garrantzia azpimarratu zuen. «XVI. mendeko dokumentuak daude hori zehazten zutenak», adierazi zuen Eizmendik.

Bestalde, zezenei esker, herrira hurbiltzen den jende kopurua ere esanguratsua dela adierazi zuen Azpeitiko alkateak, «zerbitzuen sektorearentzat horrek suposatzen duen gorakadarekin».

Bestalde, Eizmendik zezen-plazan egin diren lanak aipatu zituen. Sarbidea errazteko egin dituzten lanak, segurtasuna bermatzeko hartu dituzten neurri berriak eta ukuiluetan egiten ari diren lanen berri eman zuen.

San Inazioren urteurrena dela-eta zezenketetara joaten direnei herria ezagutzeko gonbitea egin zien.

Egitaraua

Uztailak 23, igandea
18:00. Bonbero torero.

Uztailak 25, asteartea
18:30. Desenkajonamendua.

Uztailak 29, larunbata
12:00. Zezenen aukeraketa.
18:00. Zekorketa. Ganadutegia: Yerbabuena, Sevilla (Espainia). Toreatzaileak: Manuel Perez Mota, Salvador Fuentes eta Angel Teruel.

Uztailak 30, igandea
12:00. Zezenen aukeraketa.
18:00. Zezenketa. Ganadutegia: Ana Romero, Cadiz (Espainia). Toreatzaileak: Luis Vilches, Cesar Jimenez eta Salvador Cortes.

Uztailak 31, astelehena
12:00. Zezenen aukeraketa.
18:00. Zezenketa. Ganadutegia: Palha (Portugal). Toreatzaileak: Pepin Liria, Juan Jose Padilla eta Domingo Lopez Chavez.

Abuztuak 1, asteartea
12:00. Zezenen aukeraketa.
18:00. Zezenketa. Ganadutegia: Fuente Ymbro, Cadiz (Espainia). Toreatzaileak: Manuel Jesus El Cid, Salvador Vega eta Miguel Angel Perera.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide