Angel Ainziburu: "Bezero askok ez dute esan nahi Afinsan inbertitu dutenik"

Urola Kostako Hitza 2006ko eka. 28a, 11:06
Angel Ainziburu

Angel Ainziburuk argi dauka Afinsak ez duela ezer okerrik egin, eta bezeroei erantzun egingo diela. Halaxe azaldu du Urola Kostako Hitzan

Angel Ainziburu (Azpeitia, 1972) Afinsako langilea da, eta baita inbertitzaileetako bat ere. "Bost urte dira Afinsako bulegoa ireki nuela Azpeitian, eta hamalau urtean bertan inbertitu dut", dio. Joan den astean Azpeitiko bezeroekin batzarra egin zuen, eta 60 lagun inguru bildu ziren. Afinsak Azpeitian 350 bezero inguru dituela dio.

Gaur egun Afinsako egoera nola dago?

Une honetan gure nagusiei, zuzendari orokorrari eta nagusi baten semeari inputazio batzuk sartu dizkiete, bide penaletik. Afinsari jarritako inputazioen artean daude: kapitalaren zuriketa, iruzurra egitea... Afinsari leporatzen zaizkion delitu horiek fundamentu juridikorik gabeak dira. Hasieran leporatutakoak inolako zentzurik ez daukatela ikusi da. Afinsak lana egin izan duen banku guztiak Espainiako zuzenbidearen pean daudenak dira.

Iruzurra egin dugula leporatzen digute, baina gero iruzurra egin diogunik ez da azaltzen.

Hemen desadostasun bat dago, eta hori da gure jarduera merkantila edota finantzieroa den.

Guk inbertsio zigiluak saltzen ditugu. Salerosketa kontratu bat egiten dugu bezeroarekin eta hori bukatzen den heinean, irabazi batzuk izango ditu bezeroak. Eta zigilu horiek beste batzuei salduko dizkiogu edota Afinsak berak erosiko ditu. Kontratu horiek publikoak dira, eta BEZa ordaintzen da. Horrela funtzionatu du Afinsak 26 urtean. Eta bitartekaritza lan horretan enpresak dirua irabazi du.

Aurreko astean bezeroekin batzarra egin zenuen. Nola daude inbertitzaileak edota kaltetuak?

Gure bezeroek hedabideen aldetik bonbardaketa jasan dute. Guk garbi daukaguna da guk ez dugula ezer egin, eta guk hori helarazi diegu gure bezeroei. Enpresak 26 urtean funtzionatu du. Epe motzera zer etorkizun daukaten? Enpresa nola edo ahala desagertu egingo da. Ez digutelako utziko jarraitzen, baina horrek ez du esan nahi enpresak ez duenik ordainduko.

Afinsa une honetan bideragarritasun plan bat egiten ari da, ez dugulako onartzen kiebra egitea. Horretarako bideragarritasun plan bat egin behar da, bezeroei beraiek jarritako dirua itzultzeko. Esan digute zigilurik ezin dugula saldu, baina ez digute esan ezin dugunik etxerik, bitxiak, urrea, seguruak... saldu. Esan digute orain zigiluak ezin ditugula saldu. Eta horretan ari da lanean enpresa. Afinsa EspaƱa geldiarazita dago, baina Ameriketako Estatu Batuetan, Suitzan, Alemanian, Txinan eta beste herrialde batzuetan beste enpresa batzuk ditu. Nazioarte mailan zigiluak saltzeko aukera badu Afinsak, eta hortik saiatuko da bezeroei ordaindu ahal izateko dirua ateratzen. Zaila izango da, merkatua ukituta gelditu delako, baina egin egin beharko da.

Guztira Afinsak zenbat bezero zituen, eta zenbat Azpeitian?

.175.000 bezero zituen eta 300dik gora Azpeitian. 2.500 langile ditu enpresak. Eta enpresa geldiarazi bitartean bezero bakar bat ez da etorri ez zaiola ordaindu esaten.

Afinsak Azpeitian dituen bezeroak 300dik gora direla diozu eta batzarrera 60 inguru azaldu ziren.

Askok ez dute esan nahi Afinsan inbertitu dutenik. Espainiako estatuak tontotzat hartu ditu, hedabideeek ere halaxe hartu dituzte, eta lotsatu egiten dira. Niri bezero askok adierazi didate hori, bilerara ez direla azalduko esan didate batzuek, jendeak jakiterik ez duelako nahi. Lotsa, enpresa batean inbertitu duelako eta honek ehuneko 5,5 ematen ziolako.

Zein da bezeroen kezka nagusia?

Harrituta nago, baina lehenengo niregatik galdetu zuten, eta gero, beraien diruagatik. Bezeroek erakutsi didaten errespetua izugarria izan da, eta ni nola nagoen galdezka askok deitu didate. Gero, diruagatik ere galdetu dute, nola eta noiz kobratuko duten. Nik neuk nola ikusten dudan, ni ere bezeroa bainaiz.

300dik gora asko dira, ezta?

Bai, baina kasu askotan familia osoak daude sartuta, gurasoak eta seme-alabak. Ahoz ahokoak asko funtzionatu izan du Azpeitiko kasuan. Ni neu esatera joanda baino gehiago etorri izan zaizkit beste lagun batek edota senideren batek esanda. Zorionez, bost urte hauetan lan piloa egin dut nik hemen, eta bezeroak Azpeitian, Azkoitian eta inguruko herrietan dauzkat.

Orain zertan ari zara zu, enpresa geldiarazita badago?

Une honetan bezeroak erantzun bat eskatzen du, eta gu erantzuna ematen saiatzen ari gara. Une honetan bezeroekin hobeto eramaten ari naiz, herriko zenbait pertsonekin baino. Kuriosoa da. Ni lasai nago.

Jendeak asko ahal dauka inbertituta?

Aukera desberdinak daude, bat da aurrezki plana edo deitzen dioguna, eta hor hilero kopuru bat inbertitu daiteke edo epe jakin baterako inbertitu daiteke. Badago kopuru handia inbertitu duen jendea, baina hemen garrantzitsuak diru denak dira. Egun hauetan jendea zer ilusio zeuzkan kontatzen ari zait, zertarako zeukaten diru hori. Nik uste dut eskuratuko dutela beraiek inbertitutako diru hori, eta ilusioak bete egingo dituztela.

Hau gertatu baino bost egun lehenago, aita batek bere seme jaioberri baten izenean inbertitu nahi zuela azaldu zidan, semeak hamar egun besterik ez zituen.

Honek irtenbidea edukiko duen zalantzarik ez al daukazu?

Nik zalantza txikiren bat edukiko banu zerbait egin dudala edota Afinsako nagusiak zerbait egin dutela ez nuke gaitasun moralik edukiko bezeroen aurrean egoteko. Zuk jakin zerbait txarra egin dela eta gezurra esaten saiatu? Nik ezingo nuke hori onartu. Ni neu Afinsako langilea eta aholkularia, langilea, naiz. Ni neu bezero bezala oso gustura egon naiz, eta beti erakutsi dit enpresak gauzak garbi egin dituela. Benetan Afinsak iruzurra egin badu, 26 urte hauetan Espainiako Estatua nora begira egon da? Nik zergak zertarako ordaintzen ditut, gero estatuak ez baditu enpresa horiek kontrolatzen?