Herritarren hitza errespetatu

Iker Aranberri ( Azpeitiko Batasunaren izenean) 2006ko mai. 25a, 17:05

Urola Kostako Hitza egunkarian argitaratu da gutuna

Gaur hiru urte izan ziren Azpeitian ere udal hauteskundeak. Espainiatik inposaturiko lege batek, hauteskundeetatik kanpo utzi zuen Habea herri plataforma. Baina hala ere, 2027 azpeitiarrek Habearen aldeko bozka eman genuen. Eta ondorioz, azpeitiarren hitza errespetatuz, lau zinegotzi zegozkion Habeari Azpeitiko Udalean.

Hilabeteren buruan hartu zituzten zinegotzi karguak Azpeitiko Udalean. Larunbat goiz hartan, hortzetaraino armaturik zeuden Ertzainek, herritarrak biolentziaz eraso eta mehatxatzen zituzten bitartean, PNV-EA-PSOE eta PP-ko kide banak, Habeari zegozkion zinegotzi karguak lapurtu zituzten. Baina, larunbat goiz hura ez zen han amaitu, izan ere azpeitiarren hitza errespetatzeko egindako protestaldian parte hartzeagatik, guztira hiru urteko espetxe zigorrera kondenatu baitzituzten geroago bi herritar. Nola ez, Ertzaintzak eginiko akusazio faltsuetan oinarrituta.

Geroztik mila eta bat izan dira Habeari dagokiona aitortu eta errespetatzeko eskariak. Erantzuna bakarra; EZ!

Ezker abertzaleak behin eta berriz errepikatu izan du, espainiar legalitatearen barruan ere badela zinegotzi karguak dagokionari itzultzeko biderik. PNV-tik hori gezurtatzen saiatu izan dira, injustizia honen ardura beraien bizkarretik kendu eta Espainiako Entzutegi Nazionalaren bizkarrean ipini nahiean. Hala ere, azkoitiarrak adibide, Batera plataformaren borondateaz baliatuz, Kimue legez kanpo utzitako plataformak zinegotzi kargu bat bada ere badu egun Azkoitiko Udalean. Beraz, borondate kontua da.

Eta gatazka gainditzeko prozesuaz horrenbeste hitz egiten den honetan, borondatea eta ardura ezinbesteko elikagaiak izan beharko lukete. Eragile bakoitzak, dakogion lekutik gatazka gainditzeko urrats sendoak emateko ardura duelakoan gaude. Eta zentzu horretan, ez dugu ulertzen egungo egoeran oraindik, Azpeitiko PNV eta EAk Habeari zinegotzi karguak itzultzeko borondaterik ez edukitzea. Edota haratago joanez, herriko udaltzaingoari Batasunak jarritako pankartetatik Batasunaren zigilua ezabatzeko aginduak ematea, edo Batasunaren herri batzarra gauzatzeko Ertzaintzak jarritako debekuaren aurrean bestaldera begiratzea. Modu honetan, bazterketa politikoa sakontzen dihardute. Hau ote Azpeitiko Udalak gatazka politikoari egingo dion ekarpena?

Azpeitiko Udal gobernuan dauden alderdiei, prozesu politikoa saboteatu nahi dutenen lerrotik atera eta gatazka gainditzeko ekarpenak egiten hasteko deia luzatu nahi diegu. Herritarren hitza errespetatuz, Ertzaintza geldiaraziz, presoen eskubideak aldarrikatuz...

Azkenik, ezker abertzaleak prozesu politikoa bultzatzeko duen konpromisoa berretsi nahi dugu. Eta besterik gabe, gaur arratsaldeko 19:00etan plazan, Habeari zinegotziak itzultzea eskatzeko egingo den kontzentrazioan ikusiko garelakoan agurtzen gara.