‘Txapi’ jipoitu omen dute

Leire Ostolaza ('Urola Kostako Hitza', 2006-05-21) 2006ko mai. 22a, 15:05

Bere familiak hala jakinarazi du. Aste honetan deitu omen du etxera. Maiatzaren 8an jipoitu omen zuten, bere lagunak bisitan joan eta haietakoren bati garagardo botilaren bat harrapatu omen zioten. 'Txapi'-ri lagunekin egotea galarazi ziotenean hasi omen zen eztabaida, eta azkenean lau funtzionarioen artean jipoitu eta ziega batean bakarturik egon omen da preso azpeitiarra astebetean, eta oraindik ez omen zaio minik arindu.

Hainbeste omen irakurrita nazkatzen ere hasiak izango zarete eta utzi egin beharko diot. Egunkari honetako webgunean ibili naiz egunotan eta bazen bakarren bat kexu zena terrorista baten hitzei sinesgarritasuna eman zitzaiela-eta berriaren izenburuan omen falta omen zela zioena. Irakurle fina izaki, ohituta egongo da noski omen ez dakit baina presuntamente irakurtzera. Txapik bide bakarra du informazio hori helarazteko, familia, eta ziur naiz pertsona ankerrenak ere ez lukeela bere ama gezur batengatik alferrik kezkaraziko. Sinetsi edo ez, horretan ez naiz sartuko. Egunero irakurtzen dugu hainbat albiste omen handirik merezi ez dutenak, eta nork bere senari jarraitzea beste erremediorik ez da izaten.

Nahiago nuke beste egunkari guztietan ere irakurri ahal izan banu albiste hau, omen aurretik duela besterik ezean. Errealitatea, ordea, bestelakoa da, eta 'Berria'-n, 'Urola Kostako Hitza'-n eta 'Gara'-n bakarrik azaldu omen da, denak ez ditut irakurri...

Zertan daude herri honetako aginte makilari itsatsitako horiek? Penagarriena da, eraikin zehatzen bateko pareta kolorezko pinturaz betetako arrautzek jipoitu izan balute, prentsaurrekoz prentsaurreko ibiliko liratekeela prozesua kolokan jar daitekeela oharraraziz. Lasai Txapi, batzuk pertsonak maite ditiagu paretak baino gehiago.