Etxebizitza eskubidea aldarrikatu dute

Kale Gorrian-ek Udalari karteldegia jartzeko egindako proposamenak ezezkoa jaso du (Urola Kostako Hitza)

Etxebizitza eskubidearen aldarrikapena egin du Kale Gorrian taldeak, beste behin. "Elkartzen taldeak aste hau eskubide sozialen aldeko astea izatera deitu du, eta Kale Gorrian-en ustez, etxebizitzaren eskubidea ere ezinbestekoa da".

"Elkartzenek eskubide sozialen alde lan egiten du urte osoan zehar: lan duina izateko, emakumeen berdintasunaren eskubidearen alde, gutxieneko diru iturriak izateko... Oro har, bizitza duina aurrera eramateko behar ditugun eskubideen alde. Etxebizitza eskubidea ere ezinbestekoa da gure bizitza aurrera eramateko, eta horregatik, aste honetan hori aldarrikatu dugu", azaldu dute Kale Gorrian-ekoek.

Eskubide sozialen aldeko astearekin bat eginez, ekimen propioak egin dituzte. "Kale Gorrian-ek orain dela aste batzuk Udalari proposamen bat egin zion. Etxebizitza bilatzeko orduan ditugun arazoei begira eginiko proposamena da".

Karteldegi eske

Udalari karteldegia jartzeko eskatu zioten: "Han etxebizitza salgai edota alokairuan jarri nahi zuenak eskaintza publikoa egiteko aukera edukiko luke, etxearen eta norberaren datuak agertuz. Era berean, etxebizitza erosi edo alokatu nahiko lukeenak ere gauza bera egiteko aukera izango luke. Horrela, etxejabe eta erosle edo maizterren arteko komunikazio bidea ireki nahi genuen".

Baina Udalak ezezkoa eman die. "Proposamena aztertuta, Herriaren Gobernu Batzarrak iritzi dio lan hori jadanik egiten ari dela udalerriko enpresa pribatuen bidetik, eta hori bera dela euren jardueraren helburua. Bere iritzian, ez da jarduera hori munizipalizatu beharrik", dio hitzez hitz, Udalak Kale Gorrian taldeari igorritako gutunak.

Kale Gorrian-ek, egunotan, Udalak bidalitako gutunaren kopiak jarri ditu kalean. "Udalari gogorarazi nahi diogu etxebizitza eskubidea oinarrizko eskubidea dela, eta hori bermatzea erakunde publikoei dagokiela, enpresa pribatuek ez digutelako bermatuko. Horrelako erabakiak enpresa pribatuen interesei begira hartutakoak dira", salatu dute Kale Gorrian-etik.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide