Giro ederra Loiolako San Jose jaietan

Urola Kostako Hitza 2006ko mar. 21a, 15:03
Herri kirolen jaialdian, aizkoran Miel Mindegiak eta Angel Arrospidek jardun zuten, eta harrijasotzen Goenatxo II.ak eta Aimar Irigoienek.

"Astebururako antolatutako ekitaldi guztiak ondo atera dira eta jende asko izan da", diote Loiolako Festa Batzordekoek

Loiolako festetako argazki batzuk hemen (Urola Kostako Hitza)

Igandean (hilak 19) jende ugari bildu zen Loiolan, San Jose jaiak ospatzeko antolatutako ekitaldietan. "Igandean eguraldi ona egin zuen eta izugarrizko jende piloa etorri zen Loiolara. Asto lasterketaren garaian egon zen jende gehien", dio Iñigo Arregi Loiolatxo Festa Batzordeko kideetako batek.

Igandean, goizean, Mutrikuko Gorixo ganadutegiko zezen txikiak eta pottokak ibili ziren lehen Loiolatxo Elkartearen egoitza zegoen tokian. Kapotea hartu eta zezenak toreatzen saiatu zenik ere izan zen, tartean Berrosueta baserriko Josu Uria.

Zezenak eta pottokak kamioira sartu orduko, Oñazko astoen txanda izan zen. Asto lasterketan lau astok parte hartu zuten eta haien gainean Festa Batzordeko kideak irten ziren. Lasterketa azkarra izan zen. Orduantxe bildu zen jende gehien Loiolan.

Arratsaldean, berriz, aizkolarien eta harrijasotzaileen txanda izan zen. Herri kirolak ikusten ere jende asko izan zen.

Astebururako antolatutako ekitaldiekin gustura agertu dira antolatzaileak: "Oso gustura gaude, jende asko ibili eta dena ondo atera delako. Biatloian ere kanpotik etorritako lagun askok parte hartu du, eta hori pozgarria da".

  1. 759 zenbakia sariduna

    Dirua lortzeko antolatzaileek egindako zozketan saritutako zenbakia 2.759 izan da. Oraindik txartelaren jabea ez da azaldu, honek hamabost eguneko epea du saria jasotzeko. Azalduko ez balitz 3.793 zenbakiarentzat izango da saria. Saritutako txartela duenak 665 715612 telefonora deitu behar du, 18:00etatik aurrera.