Emakumeen lana "benetan aintzat hartzeko" eskatu dute

Urola Kostako Hitza 2006ko mar. 7a, 16:03
Herriko emakume taldeetako kideak, Santiago kalean egin zuten agerraldian.

"Emakumeok herrian izan beharreko espazioa aldarrikatu nahi dugu", adierazi dute emakumeen taldeetako kideek (Urola Kostako Hitza)

Azpeitiko emakumeen historia eta lana egunero-egunero aintzat hartzeko eskatu zuten atzo, astelehena, Izarraitzpeko Sorginak, Emakume Taldea eta Azpeitiko Bilgune Feministako kideek. Agerraldia, ezohiko toki batean egin zuten, Santiago kalean, sokamuturraren irudiaren (sokamutila eta zezena) aurrean.

Martxoaren 8aren baitan, herriko kaleei emakume izenak jarriko dizkiete eta estatuak emakumez mozorrotuko dituzte, "horrela emakumeok herrian eta beronen parte diren elementuetan izan beharreko espazioa aldarrikatu nahi dugu. Emakumeen lana, historian zehar egindakoa eta egun egiten dena behar bezala baloratua izan dadila eskatzeko".

Emakume hauen ustez Azpeitian "gizonezkoak dira protagonista" eta horren adibideak ere jarri dituzte: "Azpeitiko kaleetan, bertako egoitzen eta kaleen izenetan erreparatuz edota arte erakustaldiei begirada bat botaz gero, gizonezkoak protagonistatzat dituen jendarte batean bizi garela ohartzen gara. Azpeitia, beste herri guztiak bezalaxe, gizonen estatua, historia eta kale izenez jantzita esnatzen zaigu egunero: Jose de Artetxe, Juan de Antxieta, Karmelo Etxegarai, Loiolako Inazio Hiribidea, Pablo VI.a, Aitonena, Santiago kalea, Garate anaia, eta abar".

Azpeitiko ezagunenak gizonak direla diote emakumeek, "eta herria harro sentiarazten dutenak". Emakumearekin lotutako eskultura bakarra Loiolako hiribidekoa dela azpimarratu dute. "Bera amatasunarekin lotutako eskultura bat da. Hain zuzen ere emakumeok betetzen ditugun rol guztietatik gehien barneratuta duguna. Ama izatearena edo izan beharrarena. Ez dugu amatasuna rol negatibo bezala ikusten, ezta gutxiagorik ere, baina emakumeak ama izateaz gain (ama izatea nahi badugu) beste hainbat lan ere egiten ditugu jendarteari begira, eta egin ditzakegu".

Emakumeen ezkutuko lan hori ezagutzera emateko lanik ez dela egiten salatu dute emakume taldeek. "Azpeitiak ere ezkutuan mantentzen ditu historiako liburu eta kontakizunetan agertzen ez diren emakumeak. Ez ditu ikusten eta ez ditu erakusten. Ezkutukoa izan da beti emakumeon lana eta oraindik hala izaten jarraitzen du. Errekonozitu gabea, eskultura eta kale izenik merezi ez duena anatza denez. Azpeitian ez da ahaleginik egiten ikusezintasunean gelditzen diren emakume horien lanak argitara eman eta baloratuak izan daitezen".

"Azpeitiko 500 pertsonaien liburuan ere argi ikusten da gure lekua zein espazio laburrera mugatzen den, emakumeen kopurua oso eskasa baita bertan, eta horren inguruko hausnarketarik ere ez dakar liburuak". Emakumeen ustez, martxoaren 8an denek emakumeen lana "goraipatu" egiten dute, baina gero hauen lana ezagutarazteko "ahaleginik ez dute egiten".