Udalbatzarra bertan behera, Anguloren argazkia ateratzeagatik

Aitzol Iparragirre, Igor Anguloren argazkiarekin.

Habeak, zinegotzien karguak itzultzeko eta Lizaso eta Azkueren aurkako epaiketa bertan behera uzteko eskatu du (Urola Kostako Hitza)

Eskubide zibil eta politikoak euskal herritar guztiontzat izenburuarekin Habeak aurkeztutako mozioaren eztabaidaren baitan, Aitzol Iparragirre Habeako kideak aste honetan espetxean hildako Igor Angulo presoaren argazkiarekin ikurrina atera zuen ostegunean (hilak 2), udalbatzarrean. Ondorioz, PP eta PSE-EEko zinegotziek udalbatzar aretoa utzi egin zuten. Julian Eizmendi alkateak ikurrina jasotzeko eskatu zion Iparragirreri, baina honek uko egin eta batzarra bertan behera uztea erabaki zuen alkateak.

Habeak aurkeztutako mozioaren bidez, Azpeitiko Udalak lau puntu onartzea eskatzen zuen. Laurak ere Habearen legez kanporatzearekin eta Udaleko kargu-hartzeko gertakariek sortu dituzten ondorioekin lotutakoak. "2003ko maiatzaren 25eko Udal hauteskundeetan 2.027 azpeitiarrek, herritarren %25ak, Habearen alde bozkatu zuten, Espainiako auzitegiaren euskal eskubide zibil eta politikoen ezabaketa saiakerari bizkarra emanez. 2003ko ekainaren 14an, Espainiako auzitegiak agindutako Udalbatza osatu zen Azpeitian, herriaren erabakia mespretxatuz eta azpeitiarren %25a hitz eta erabaki ahalmenik gabe utziz", esaten du sarreran mozioak.

Habeako Iñaki Errazkinek irakurri zuen mozioa. Alkateak (EAJ), hainbat udalbatzarretan behin eta berriro erantzun duela azaldu zien Habeakoei eta orain arte esandakoa berresten duela. Manuel Unanue EAko zinegotzien bozeramaileak ere bat egin zuen alkateak emandako erantzunarekin.

Zortzi urteko kartzela

Kargu hartze egunean 2003ko ekainaren 14ko gertakariekin lotuta, Unai Lizaso eta Iñaki Azkue herritarrei hiru eta bost urte arteko kartzela zigorra eskatzen die Gipuzkoako Fiskaltzak, "egun hartan ertzainei eraso egitea" leporatuta. Bi azpeitiar hauek asteartean, martxoaren 7an, dute epaiketa Donostian.

Habeak, Azkue eta Lizasoren aurkako epaiketa bertan behera uztea eskatu zuen osteguneko udalbatzarrean. Horren harira, alkateak epaiketara akusatuen lekuko bezala Udaleko hiru lagun joango direla azaldu zuen: alkatea bera, Jabier Altuna eta Manuel Unanue. "Akusatuek eskatu ziguten eta lekuko moduan joango gara. Denok ari gara konponbiderako ahalegina egiten, eta konpromisoak hartzen ari gara". Ezker abertzaleak aurkeztutako mozioaz eztabaidan ari zirenean, Aitzol Iparragirre Habeako hautetsiak espetxean hilotz azaldutako Igor Anguloren argazkiarekin ikurrina atera zuen. Orduan, Julia Tercero PPko zinegotzia zutik jarri eta oihuka hasi zitzaien, "legez kanporatuak zarete, legez kanpo zaudete". Tercerok udalbatzar aretoa utzi zuen eta ondoren Manoli Uranga PSE-EEko zinegotziak ere alde egin zuen. Alkateak Iparragirreri ikurrina jasotzeko eskatu zion, honek uko egin zuen, "lasai negar egiten ere ez duzue uzten" salatuz. Alkateak udalbatzarra bertan behera uztea erabaki zuen.

Torturaren aurkako mozioa ere eztabaidatzekoa zen udaletxean, baina udalbatzarra bertan behera gelditu zenez eztabaidatu gabe gelditu zen.

Azpeitiko Askatasunak ere Unai Lizaso eta Iñaki Azkueren aurkako epaiketa bertan behera uztea eskatu du, udal arduradunei horrelako egoeren eta konponbiderako bideak jartzen "ausart jokatu" dezaten eskatuz, "irtenbide demokratiko baten aldeko apustua eginez eta errepresioa baztertuz".

Habearen mozioa

Habearen izenean Iñaki Errazkinek aurkeztutako mozioak Udalbatzak ondoko lau puntuak onartzea eskatzen zuen, hitzez hitz:

.1- Unai Lizaso eta Iñaki Azkueren aurkako epaiketa bertan behera uztea. Hauentzat hiru eta bost urteko kartzela zigorrak eskatzen dituzte.

.2- Azpeitiarron hitza errespetatze bidean, LOREGeko 182.2 artikuluaren ezarpenaz, 2003ko maiatzaren 25eko hauteskundeetan herritarrek erabakitakoaren arabera, hautetsi karguak Habea plataformako hautetsiei itzultzea eskatzen dugu.

.3- Euskal herritar guztiei eskubide zibil eta politiko guztiak errespetatzearen alde ahalegina egitearen konpromisoa berrestearekin batera, gainerako eragile politiko, sozial eta sindikalei ahalegin horretan bat egiteko deia luzatzen diegu.

.4- Aurreko puntuetako erabakiak bando eta komunikabide bidez herritarrei helaraziko dizkio Udalak, hala nola Azpeitiko eragile sozial eta sindikalei ere bai.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide