Piensos Bastidak delegatu bat kaleratu izana salatu du ELAk

Urola Kostako Hitza 2006ko mar. 3a, 14:03
ELA sindikatuak deituta, lankideek eta ELAko ordezkariek bilkura egin zuten atzo, osteguna, Landetako biribilgunean.

Langileari babesa emateko atzo, osteguna, elkarretaratzea egin zuten enpresako hainbat langilek eta ELA sindikatuko delegatuek (Urola Kostako Hitza)

Urola Kostako ELA sindikatuak, Piensos Bastida enpresak ELAKo kidea eta delegatua den Agustin Larrañaga Zubimendi kaleratu izana salatu du. Atzo eguerdian (hilak 2) Landetako biribilgunean elkarretaratzea egin zuten Larrañagari babesa emateko. Bilkuran, Piensos Bastidako hainbat langilek eta ELAko beste hainbat ordezkarik parte hartu zuten. "Otsailaren 10ean enpresak delegatuari kaleratuz zigortuko zuela adierazi zion eta otsailaren 17an kaleratu egin zuten", diote sindikatuko ordezkariek.

ELAren esanetan, "enpresak egia ez diren eta ziurtatu ezinezkoak diren gertakizun batzuk leporatu dizkio Agustin Larrañagari. Hau guztia, goragoko karguren baten laguntzaz, langileen ordezkari bat paretik kentzeko enpresak antolatutako fartsa bat besterik ez da".

"Beldurraren politika"

ELAk enpresa horretan dituen hiru delegatuetako bat kaleratuta, Piensos Bastida enpresak "beldurraren politika" bultzatu nahi duela azaldu du sindikatuak. "Azken urteetan enpresak beldurraren politika bultzatu du, eta orain ez zaio interesatzen inor bere politika horretatik aldentzerik. Enpresaren estrategia garbia da: soldata baxuak, lan aldi amaigabeak, aparteko ordu mordoa... Eta ados ez dagoenak bila dezala beste zerbait... Baina hauek zer uste dute!".

Urola Kostako ELA sindikatuaren esanetan, langileek ez dute utzi behar "zuzendaritzak zapal ditzan" eta horrelako egoeren aurrean "langileek elkartu" egin behar dute lanerako: "Langile batua ez da izango zapaldua" esan zuten.

Enpresa isilik

Atzo arratsaldean Hitza Piensos Bastidako zuzendaritzarekin jarri zen harremanetan, baina enpresako nagusietako batek ELAko delegatua kaleratu izanaren gainean ez zuen adierazpenik egin nahi izan: "Guk ez dugu ezer esateko horren inguruan, eta esan behar ditugunak esan beharreko tokian esango ditugu" nabarmendu zuen.