Jasandako torturen inguruan deklaratuko du Unai Lizasok

Urola Kostako Hitza 2006ko ots. 22a, 15:02
Aske utzi eta gero anbulatorioan argazkiak atera zizkioten. Irudi honetan Lizasok begiondoan ubeldura du.

Atxilotuta eduki zuten hiru egunetan, buruan kolpeak eta iletik tiraka jardun ziotela salatu zuen aske utzi zutenean

Tortura Euskal herrian, 2005 Txostenean jasotako Unai Lizasoren testigantza hemen irakurgai (Urola Kostako Hitza)

Orain dela urtebete Espainiako Poliziak atxilotu zuenean torturatua izan zela salatu zuen Unai Lizasok, eta ostiralean, otsailaren 24an, Madrilgo epaitegira deitu dute deklaratzera. 11:00etan du hitzordua.

Iaz, otsailaren 11n, kalean atxilotu zuen Unai Lizaso Espainiako Poliziak, hiru egunetan inkomunikatuta eduki ondoren bermerik gabe behin-behinean aske utzi zuen Baltasar Garzon epaileak. Lizasok torturatua izan zela salatu zuen orduan. "Hiru egun atxilotuta eta inkomunikatuta pasatu ondoren aske utzi ninduten. Madriletik Azpeitira iritsi eta zuzenean Azpeitiko anbulatoriora joan nintzen, hango medikuak buruan nituen kolpeak ikusteko. Atxilotuta eduki ninduten bitartean eman zizkidaten kolpeen ondorioz buruan kasko bat nuela sentitzen nuen, burua handituta nuela sentitzen nuen... eta horregatik joan nintzen anbulatoriora. Gero, salaketa jartzeko asmotan Torturaren Aurkako Taldearekin hitz egin nuen. Baina guk salaketa jarri aurretik Azpeitiko anbulatorioak auzibidean jarri zuten nire testigantza eta auzitegi-medikuaren aurretik ere pasatu nintzen".

Tortura salaketak aurrera egingo duen itxaropen handirik ez du Lizasok, "beste kasu batzuekin gertatu dena ikusita ez daukat itxaropen handirik. Hor daude Unai Romanoren edota Martxelo Otamendiren kasuak".

Ostiralean elkarretaratzea

Unai Lizasorekin bat egin eta torturen aurka salaketa egiteko, elkarretaratzea deitu du Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak ostiralean (hilak 24), 12:30ean, Azpeitiko plazan.

Unai Lizasoren testigantza

Torturaren Aurkako Taldeak Tortura Euskal herrian, 2005 Txostena argitaratu du. 2004 eta 2005ean 46 euskal herritarrengandik jasotako torturen testigantzetan oinarrituta egin du. Testigantza horietako bat Unai Lizasorena da. Hona hemen handik hartutako testigantza:

"(…) Lurrean zakar poltsa beltzak botata zeuden eta oso zikina zegoen beste gela batean sartu ninduten. Gela honetan sartu bezain laster paretaren kontra jarri eta han utzi ninduten beraiek izapide guztiak egiten zituzten bitartean. Nik ez nekien zer gertatuko zen eta beldurtuta nengoen.

Ondoren, hirurekin sartu ninduten eta batekin zerikusia nuela, bestearekin zerikusia nuela… esaten zidaten. Niri beldurra sartzeko edo, ezaguna nuen pertsona batez hasi ziren hitz egiten; hark azkenean hitz egin zuela eta Susperren listan nengoela eta horrelako kontuak esaten zizkidaten. Ni beldurtuta nengoen. Hor zeuden zakar poltsak, eta nondik joko zuten jakitea zaila zen.

Berriro ere autora sartu eta Azpeitira eraman ninduten, gurasoen etxea miatzera. Aita urduri jarri zen, eta nahiz eta inkomunikatuta egon lasaitzeko esan ahal izan nion. Aspaldiko paper batzuk besterik ez zituzten eraman.

Jaisterakoan, ete azpian jada jende pila bat elkartua zegoen. Animoak eman zizkidaten, eta poliziei ez zitzaien gehiegi gustatu, haserretu egin ziren.

Madrilerako bidean, bi poliziaren erdian eraman ninduten, burua makurtuta. Polizien ahots tonua altua zen, haserre bezala, bortitza. Polizia batekin, Ibonekin, lagunen arteko hatos tonuan hitz egiten nuen, jolas bat bezalakoa zen: berak kontatu, nik kontatu, Madrileña heltzear geundenean jarrera zeharo aldatu zuen. Ahots tonua bortiz bilakatu zen; eskua zabalduta buruan hiru kolpe eman zizkidan. Berehala nik esan nion: '*bueno, si te pones así, yo tampoco voy a estar como hasta ahora*'.

Madrilera iritsi eta gauza guztiak kendu zizkidaten (erlojua, dirua…) eta ziegan sartu ninduten, momento batez. Berehala, galdeketa egitera atera ninduten. Ni eserita nengoen. Ibon delakoa nira albo batean jarri zen, beste polizia bat beste aldean jarri eta: '¡*se acabó la fiesta*!'. Poliziak kaputxarik gabe zeuden eta oso normal jantzita, kaleko arroparekin, oso gizon normalak gainera, ez oso handiak… Nire belarri batetik oso gertu jarri zen eta lehenengo galdera egin orduko jo eta dinbi-danba, buruan kriston kolpeak ematen hasi zitzaidan. Iletik bi eskuekin hartu eta beherantz tiratzen zuen, nire iletik zintzilikatzen zen eta aurpegia nirearen kontra jartzen zuen. Lurrera botatzen ninduen; lurrean denbora dezente pasa nuen. Eta berriro aulkira, berriro iletik zintzilikatu eta dinbi-danba buruan jo et ajo eta bitartean eroak bezala oihukatzen zidaten, bere onetik irtenda, oso haserre; '¡Puto gudari! ¡*Todos empiezan así, pero vas terminar hablando*! ¡Porque no se quien iba a mentir sobre ti!'.... Momento guztian jo, jo et ajo. Nire ilea bazterretan botata ikusi ensaquen. Ibonek bitartean begiratu besterik ez zuen egiten.

Ziegara eraman nindutenean, bertan ondo pentsatzeko eta ordu erdi barru berriro beste galdeketa bat egitera eramango nindutela esan zidaten. Ziegan nengoela, edozein zarata entzuten nuenean zeharo urduritu eta beldurtzen nintzen. Gainera, zarata guztiak entzuten ziren. Ziegetako giltzak zituen polizia mugitzen zenean, entzun eta jo ikaratu egiten nintzen. Ziegan ordu erdi baino gehiago eduki nindutela uste dut.

Hurrengo galdeketara eraman ninduten. '¡Eres un anormal, anormal!' bezalako irainekin hasi ziren, baita mehatxuekin ere. Aurreko galdeketako polizia deituko zutela eta hitz egitea hobe nuela… esaten zidaten.

Galdeketetan beti egoten zen norbait begira. Batzutan "Ibon", besteetan atxiloketa eguneko neska... begiratu besterik ez zuten egiten, ikasten ari zirela zirudien.

Beste galdeketa bateta, estilo ezberdin batean hitz egiten zidan polizia batekin egon nintzen. Esaten zuen zestoarra zela eta nirekin "Txoko" tabernan egona zela Zestoan, eta abar… Momento horretan tente jarri arazi ninduen eta kolpe batzuk eman zizkidan. Oso jarrera bortitzean hasi zen, oihuka eta buruan kolpeak ematen. Ez dakit ahultasunagatik edo zergatik baina mareatu egin nintzen eta goragale handia nuen.

Berriro hasi ziren, orduan edo beranduago, hitz egiten ez banuen berriro hasierako poliziari deitu beharko ziotela. Gainera, polizia hori zain zegoela eta gainera kristoren gogoak zituela…

Ondoren momento batean polizia hau azaldu egin zen eta hitz hauek esan zituen: '¡Hola, Feliz Navidad!' Eta berriro hasi zen sekulako kolpeak ematen. Belauniko jartzen ninduen eta dinbi-danba. Beti lurrean amaitzen nuen. Buruan jo eta ileetatik tira egiten zidan.

Momento batean ileetatik tira egiten zidan bitartean barrabiletatik heldu eta zeharo zapaldu zizkidan. Momento horretan indarra atera nuen eta aurrea egin nion, baina bertan zaudenak gainera etorri zitzaizkidan, zapaldu eta mugitu ezinik utzi nindutelarik.

Galdeketa bakoitzean antzeko gauzak esaten zizkidaten. Mehatxuak normalak ziren: Beraiek torturatzaileak zirela eta ziur egoteko torturatuko nindutela, gudari bat nintzela baina ez banuen ezer esaten sufrimendua luzatu besterik ez nuela egingo azkenean. Denek hitz egiten dutelako. Beste batean Azpeitian egindako hainbat ekintza niri egotziko zizkidatenaren mehatxua egin zidaten; epaitegiari bonba jarri ziotela, transporte enpresa bati ere jarri ziotela eta beraiek oso errez egin zezaketela horien ardura niri egoztea… beldur handia sartu zitzaidan eta horrekin jolastu zuten.

Pairatutako galdeketa horietako batean, kolpatu ninduten batean, ziegara joateko eta ondo pentsatzeko esan zidaten, hitz egin nahi nuenean ziegoko atea jo eta igoko nindutela esan zidaten. Ziegan nengoela atea jo nuen eta hitz egingo nuela esan nuen. Aurretik gainera neska laguna atxilotu zutela eta hitz egiten banuen askatuko zutela esan zidaten. Beraz, tratu bat egingo genuela esan nion, hitz egingo nuela baina bakarrik neska askatzen bazuten. Azkeneko eguna kontrarelojean zebiltzala zirudien galdeketa asko egin zizkidaten, bakoitzean galdera pila bat eginez; informazioa nahi zuten. Beraz, polizia zahar bibotedun bat etortzen zen eta, *'Eso no funciona así'* esaten zidan nik kontatutakoari buruz, erakundeak ez zuela nik kontatu bezala funtzionatzen eta ezin zuela nik kontatutakoa egia izan. Nik, ordea, horrela izan zela eta horrela izan zela. Hiru egunak amaitu zitzaien arte eta Entzutegira eraman ninduten arte.

Polizia-etxean auzitegi-medikuaren aurrera pasatu nintzenean ni oso beldurtuta nengoen. Ileak alde guztietatik nituen. Medikua emakumezkoa zen eta berarekin flipatu egin nuen. Nik esan nion: Que me estan maltratando. Eta bera bihar nola zegoen ikusiko genuela esaten zidan. Eta nik burua zeharo handituta nuen, kaskoa nuela zirudien, baina buruko minaretzat Gelocatil-a eman zidan eta listo. Ezer ez zuen apuntatu eta ez zidan gehiegi begiratu. Sukarra begiratu zidan. Auzitegi-medikuaren aurrera pasatu nintzen bigarren aldian, bigarren eguna lasaiagoa izan zen kolperik ez nuelako jaso eta 'ya ves como te dije que no te iban a pegar'".