Antxieta etxea adimen urrikoentzat moldatzen hasi dira

Urola Kostako Hitza 2006ko ots. 15a, 17:02

Bertan egingo duten Eguneko Zentroa urtearen amaierarako bukatzea espero dute Atzegi elkartekoek

Antxieta etxeko proiektuaren berri emateko Atzegik otsailaren 21ean batzarra deitu du (Urola Kostako Hitza)

Antxieta etxean hasi dira obrak egiten: eraikina husteko lanei ekin diote; bertan, Urolaldeko adimen urriko pertsonentzako eguneko zentroa eta apartamentu tutelatuak egingo dituzte. Urtearen bukaerarako eguneko zentroa bukatuta egotea espero dute Atzegikoek.

Kutxa da Antxieta etxearen jabea, honek apirilean Atzegiri utzi zion eraikina. Orduan eraikina moldatzeko lanak hilabetera, maiatzean, hasiko zirela aurreikusi zuten. Baina zortzi hilabete pasatu ondoren hasi dira obrak.

Atzegik, etxearen lehen solairuan eta solairu artekoan eguneko zentroa egingo du, 20 lagunentzako tokiarekin eta goiko lau solairuetan etxebizitza tutelatuak egingo ditu, moduloka banatuta; hiru edo lau lagunentzako lau etxetan banatuta. Horrela, 12-16 pertsona bizi izango dira bertan.

Eraikina moldatzeko egin beharreko lanak Kutxak ordainduko ditu, eta mantenuaz Gipuzkoako Foru Aldundia arduratuko da.

Eraikinaren kanpoko itxura mantendu egingo dute, eta obrak barruan bakarrik egingo dituzte.

Batzarra otsailaren 21ean

Antxieta etxean egingo diren eguneko zentroaren eta etxebizitza tutelatuen berri emateko Atzegik otsailaren 21ean batzarra deitu du, 19:00etan, Azpeitiko Txolarteren egoitzan, Perdilegin. "Laster adimen urritasuna duten pertsonei zuzendutako bi zerbitzu berri izango ditugu eskualdean: Atzegiko etxebizitzak eta Gureak-en eguneko zentroa. Guztiok (familiak, profesionalak, begirale boluntarioak eta oro har bailarako biztanle guztiak) zerbitzu hauek ezagutzea garrantzitsua delakoan gaude gu, eta horregatik antolatu dugu hitzaldia", diote.