Galeraren teoria

Pako Aristi (idazlea, ‘Berria’, 2006-02-09) 2006ko ots. 9a, 17:02

Hizkuntzaren garrantziaz. Euskal idazleei, zuzenean ez bada zeharka, maiz galdetzen diete ea zergatik idazten duten euskaraz. Galdera horretaz hausnartu ostean, Euskal Herriaren berri izateko euskaraz jakin behar dela dio egileak, eta hori sentiarazi behar zaiela euskaraz ez dakitenei (Berria)

Bada galdera bat euskal idazleoi maiz egiten digutena erdal komunikabideetan, normalean geure obraren itzulpenen bat aurkezten dugunean, baina bestela ere, alegia, esanera ez datorrenean, ez gutxiagotan errepikatzen dena: “Gazteleraz zabalkunde handiagoa izango du zure liburuak, ezta?”. Eta bada zuzen jaurtitzen duenik aiztoa: “Ez al duzu pentsatu zuzenean gazteleraz idazterik?”.

Idazleak hizkuntza horretan lana egiteari eskaini dion denbora alferrikakotzat jotzeak erakusten duen errespetu ezaz aparte, galderak beste murmurio bat zabaltzen du bazterretan, hitzez esan ez dena baina entzun dezakeguna: “Zuek zeuon egoskorkeria horretan gauza handiak ari zarete galtzen, ospea, dirua, distira, boterea... bizitza alferrik botatzen ari zarete”.

Euskaraz zergatik idazten dugun ari zaizkigu zehar-galdezka, zer ikusi diogun hizkuntza isolagarri horri, mundua balioa duten eta balio ez duten hizkuntzen artean banatuta balego bezala, eta hori guztia txikitatik hizkuntza handian trebatzeko aukera izan dugularik. Zerk ote garamatza munduaren aurrean ikusezin bilakatuko gaituen hizkuntza maitatzera, zergatik maite ote dugu inor ez izatea, zerk bultzatzen ote gaitu literatura handien erruletaren urrezko konstelaziotik geure burua baztertzera... Horra galdera handiak erantzun misteriotsuaren bila.

Pearse Hutchinson, gaelikoz idazten duen idazle irlandarra datorkit gogora. Hark ere argibideak ematen ibili behar izaten du, bestela ez luke zentzurik Madrileko argitaletxe batean kaleratu zuen poesia liburuari egin zion hitzaurreak. Hutchinsonek kontatzen duenez, umetan hiru hizkuntza ikasi zituen: ingelesa, gaelikoa eta latina. Lehenengoa diruaren hizkuntza zuen, bizitza irabazteko behar zena; bigarrena arbasoen hizkuntza; eta hirugarrena Eliza Santu Katolikoarena.

Gaztetan Londresko egunkarietako orri literarioei begira bizi omen zen, kasik bizitzaren iturria bera metropolian zegoela uste omen zuen. Gero gaelikoa sakontzen hasi zen, eta irlandesez idatzi behar zuela konturatu zen. Ez omen zuen ezer egin horren kontra, lehen aldiz maitemintzea saihestu ezin izan zuen bezala. Gainera atzera bueltarik gabeko hautua izan zen. Baina zergatik hartu zuen erabaki hori: ba ordura arte ingelesez adierazten jakin ez zituen gauza asko errazago ateratzen zitzaizkiolako. Errazagoa omen zitzaion espontaneoa izatea, sinplea, naturala, edota samur agertzea, haserretuta, zirtolari, bihotz-oneko edo lagunkoi. Eta zertzelada garrantzitsu bat gaineratuz, dio: “Gainera, gaelikoz ari zarenean zure entzulegoa ezagutzen duzula iruditzen zaizu”.

Horra bi arrazoi funtsezko: sentimendua eta hurbiltasuna; gauzak adierazteko indarra eta irakurlearen ezagutza, liburuari bizi berri bat ekarriko dion irakurle maitatua. Izan ere, gogoratu beharko genuke Erdi Aroaren hasieran itzultzeak (latineko traducere horrek, “alde batetik bestera pasaraztea” esan nahi duenak) zeukan zentzua: saindu baten erlikiak lekuz aldatzea esan nahi zuen. Askotan itzulpen horiek ilegalak ziren, gerra irabazi zutenek hiri bateko erlikiak lapurtzen zituztenean bezala. Horra euskaldunok gure obrarentzat daukagun ametsik handienetako baten hastapena: usteldutako gorpu bat lekuz mugiaraztea, harekin etorriko diren urrekien itxaropenean. Agian horregatik gure obraren itzulpen gehienak hilda jaiotzen dira. Izan ere, liburu bati bizitza ematen diona irakurlearen interesa da, eta hori ez du aurkitzen euskal liburuak itzulia denean. Eta gure itzulpenek izan duten porrotaren aurrean, orain badakigu gezurrezkoak direla erdaldunen desioak, “itzultzen zaituztenean irakurriko zaitut” diotenean. Interes eza estaltzeko amarru bat baino ez zen, erdeinua disimulatzeko modu edukatu bat guk irentsi egin duguna etengabe, geure burua, indarrak eta sosak itzulpenaren lan eskergara amilduz.

Galdera handiek inguratzen gaituzte erantzun misteriotsu baten bila. Oso erraza da auzia: aski da buelta ematea, euskaldunok ahaztuxea dugun kirola praktikatzea, eta konponbidea berez dator.

Eurei sentiarazi behar diegu galeraren orbana. Bat-batean zerbait galtzen ari direla konturatzearen mina da guk eragin behar duguna, edukazio guztiarekin. Txekhovek zioen Errusiaren arima estepako bakardade harrigarrian aurkitzen dela, eta amaierarik ez duen paisaia hori, mehatxuz betea, konkistaezina dena, esaldi luzeen bidez baino jasotzerik ez dagoela; esaldi laburrak motz geratzen direla handitasun horren aurrean.

Nik ez dakit non aurkitzen den Euskal Herriaren arima, ez dakit nolako hiztegiak eta sintaxiak islatuko lukeen hobeto bere paisaiaren oldarra eta laztana, are gehiago mendiak herritartu eta biztanleria hiritartu den mende honetan, baina sinestua daukat barren-barrenean euskarak baduela zerikusirik bai batean, bai bestean.

Euskararen presentzia lur honetan aspaldikoa delako, 7.000 urtekoa agian. XX. mendearen hasieran Euskal Herriak 600.000 biztanle bazituen, 500.000 mintzo ziren euskaraz. Beraz, gazteleraren (eta frantsesaren) nagusitasunak ez du mende bat ere gure artean. Herri honetako gauza askoren sustraiak euskaraz daude; nortasunaren adierazpide gehienak euskaraz eman dira; bizitzaren konplexutasuna agertzeko euskararen konplexutasuna erabili izan da mende askotan. Gaztelera (eta frantsesa) gaztetxoak dira euskararen aldean, ondo babestutako gaztetxoen indarra badaukate ere. Euren presentzia oso berria da planetaren historia erraldoian, eta iruditzen zait euskarak beste sendotasun bat ematen diola Euskal Herriari buruzko deskribapen, aipamen, fikzio, antropologia eta abarrei. Gaztelerak (eta frantsesak), aldiz, uniformizatu egiten du dena, zehaztasuna kentzen dio. Euskal ipuin tradizionalak, esate baterako, euskaraz irakurrita euskal ipuin tradizionalak dira. Olañeta argitaletxeak atera zituen gazteleraz, eta euskal ipuin tradizionalek, gazteleraz irakurrita, Murtzia, edo Leon edo Errusiakoak ematen dute, baina ez Euskal Herriko ipuin tradizionalak. Balirudike istorio magiko bat kontatzen ari naizela, baina historiaren etorbideari begiratuta, munduaren biraketa infinituaren aurrean, mendeek beste dimentsio bat hartzen dute.

Mendeetan euskaraz hitz egin duen jende horren ahotsa ezinbestekoa da, gaur egun ere, Euskal Herria ulertzeko. Balirudike maitasunak gidatzen duela gure interesa, eta hori ezin zaiola inori exijitu, baina ez da beharrezkoa ere. Jakin-nahia aski da, beti ere gure auzoko bizitza edo postal turistikoaren hertsikeria gaindituko lukeen interes baten harira, “ni non bizi naiz?” galderari xume erantzungo liokeena, herri honen muina euskarazko ehunez osatua dagoela konturatzeko.

XX. mendeko escritor vasco-rik ospetsuenak Baroja eta Unamuno direla esaten zaigu: ez ahaztu biek zekitela euskara oso ondo eta, Barojaren kasuan bereziki, marinel eta baserritarrekin euskaraz mintzo izan ez balitz ez zukeela hain sakon, zorrotz eta maitagarri jaso izango euskal tipologien aberastasuna. Gaur Euskal Herrian gazteleraz idazten duen ia inork ez daki euskararik. Hori falta zaie euskal idazle gaztelerazkoei gaur: altxor hori, egun, euskal idazleona da. Haiena da galera, gurea oparotasuna. Horregatik, Euskal Herrira iritsi diren hiru sari nazionalak euskarazko idazleei eman zaizkie, bakar bat ere ez gaztelerazkoei.

Mendeetan bizitza, Euskal Herrian, euskaraz bizi izan da, bizitzako gauzarik garrantzitsuenak, amodioaren gorapenetik heriotza sufritzerainokoak, euskaraz esan dira, eta hori dena euskaraz jaso izan da herri literaturan eta gure inkontzientearen antzinako entzumenean. Horregatik, gure barne-muineko belarriak euskaraz entzuten darrai oraindik ere.

Baina ez da dena gogoeta telurikoa. Erabilera praktikoak ere ugariak dauzka euskarak gure herria ulertzeko. Esate baterako, Aita Zabalak Gerrate Karlistei buruz atera zituen bi tomoak, non jasotzen diren milaka bertso-paper soldaduen bizitza kontatzen dutenak. Ikerketa historiko zorrotza egin nahi duenak, hemendik aurrera hor dauka soldaduen eguneroko bizitzari buruzko informaziorik aberatsena, dena euskaraz; gazteleraz ezer ez. Eguneko bizitzari buruz, arazoei dagokionez ere, mundu bat dauka euskaraz bere baitan gordea, hizkuntza hori ez dakiena inoiz ezagutzera iritsiko ez dena. Euskarak bakarrik argitu dezake Euskal Herriaren aurpegirik osoena, koloretsuena.

Gaur egun egitura aldetik, hiztun kopurutik gara ahul, baina ez gara pobre. Gure txikitasunak arnasa hartzeko arazoak sortzen dizkigu soilik, baina ez dakar galerarik gure duintasunarentzat.

Gauza masifikatuak hobesten diren garaian bizi gara, horixe da dena, eta ugaria denak babesten ditu beste akats eta gabezia oro; emanaldirik itsusienak eta telebista programarik okaztagarrienak justifikatzen dira oso ikusiak badira. Eta hizkuntzekin ere halatsu gertatzen da, hizkuntza masiboetan egiten den literaturarekin, banatzen diren sariekin.

Neure proklama eginez amaitu nahi dut: Hemen, benetako galera, herrialde honetako hizkuntzarik garrantzitsuena ez ezagutzea da, eta ideia honen hedapena politikaren, maitasunaren eta literatur kalitatearen bitartez, hirurak bat eginik soilik lortuko dugu. “Ikusten ez banauzu asko galduko duzu”, sinesteko eta esateko bezain harro izan behar dugu.

Eta ozen esan nahi dut, galera hori sentitu behar luketenek irakurriko ez banaute ere. Iritsiko da zerbait haien inkontzientearen antzinako entzumenera, eta euren burua engainatzen jarraitu beharko dute, gurerik ezingo dute eta.