Iraurgi Lantzen "pozik" Fiturrek eman duenarekin

Madrilen, Loiolako Inazioren heriotzaren 450. urteurrenak "oihartzuna" izan du

Albistea Urola Kostako Hitza tik hartu da

Eskualdeko eskaintza turistikoaren berri eman du Iraurgi Lantzenek Madrilen (Espainia), urtarrilaren 25etik 29ra bitartean izan den Fitur nazioarteko turismo azokan. Iraurgi Lantzenek azokan eskualdeko eskaintzaren berri ematea "oso ona" izan dela dio:"Eskualdeko zenbait baliabide turistikok Euskal Herritik kanpoko bidai agentzietako ordezkariengan eta sektoreko beste zenbait agenteren artean interes nabarmena sortu dute, batik bat Jaurlaritzako Turismo Sailak San Inazioren heriotzaren 450. urtemuga dela-eta egindako sustapen berezia".

Iraurgi Lantzenek Gipuzkoa barnealdeko eskaintza turistikoaren sustapen lanetan jardun du Madrilen, "Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismoa sailaren eskutik Gipuzkoa zein berdea marka turistikoaren ordezkari gisa".

Iraurgi Lantzenek dioenez, Loiolako Inazioaren heriotzaren 450. urteurrenak oihartzuna izan du Fitur-en, "Jaurlaritzako Turismo Sailak ospakizuna gure eskualdea destinu bezala sustatzeko argumento turistiko gisa erabali duelako, stand-aren dekorazioan eta bertan egindako prentsaurrekoetan leku eta protagonismo berezia emanez". Hala ere, 450. urteurrenaren inguruan egingo diren ekitaldien programa ez dute aurkeztu: "Horren ardura, ekitaldiak antolatzeko sortu den batzorde batek du, eta bere garaian batzordeak berak aurkeztuko ditu egingo diren ekitaldiak".

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide