Aurten talde berri bat irtengo da haurren danborradan

Urola Kostako Hitza 2006ko urt. 4a, 11:01

Sansebastianetako doinuekin Bandak grabatu duen diskoa larunbatean aurkeztuko dute udaletxean, 12:30ean

Talde berria Karmelo Etxegarai Ikastolakoa izango da (Urola Kostako Hitza)

Aurten talde bat gehiago izango da San Sebastian eguneko haurren danborradan, eta hamar beharrean 11 irtengo dira. Azpeitiko Karmelo Etxegarai Ikastolak hirugarren talde bat osatuko du aurten. 2005eko abenduko Ikasten Urolaldeko Ikastola Publikoen aldizkarian esaten dutenez, horrela "saiakera askoren ondoren, aspaldiko ametsak egi bihurtzeko moduan izango gara".

Azpeitiko Karmelo Etxegaraiko talde berria 4, 5 eta 6. mailako ikasleekin osatuko dute.

Diskoaren aurkezpena

Bestetik, Udal Musika Bandak grabatu eta Udaleko Festa Batzordeak sansebastianetako doinuekin grabatu duen diskoa larunbatean aurkeztuko dute, 12:30ean, udaletxeko areto nagusian. Ekitaldia bukatu ondoren Musika Bandak udaletxeko arkupetan kontzertua emango du. Diskoan jaso dituzten doinuak zuzenean entzuteko aukera izango da kontzertuan. Larunbatean, diskoa salgai egongo da 10 euroren truke eta larunbatetik aurrera Eguzkitza, Juantxo Txiki, Pastorkua eta Ametsa tabernetan salgai jarriko da, 15 eurotan.

Sansebastianetako danborradan parte hartzen duten elkarte eta soziedadeetako ordezkariek bihar (osteguna) pasatu beharko dute eskatutako diskoak jasotzera udaletxeko kulturako bulegotik, 09:00etatik 15:00-etara bitartean.

Iazko Sansebastianetako irudi batzuk ikusgai hemen

Danborradako entseguak

Helduen entseguak

Danborradako taldeak. Urtarrilaren 11, 12, 17 eta 18an. Izarraitz pilotalekuan, 21:00etan.

Taldeetako zuzendariak. Urtarrilaren 11, 12, 17 eta 18an. Musika Bandaren akademian (Aitonenako eraikinean), 20:00etan Jose Luis Frantzesenarekin entseatuko dute.

Haurren entseguak

Danborradako taldeak. Urtarrilaren 13, 16, 17 eta 18an, urtero bezala, azoka plazan, 16:00etan.

Taldeetako zuzendariak. Urtarrilaren 13, 16, 17 eta 18an Jose Luis Frantzesenarekin entseatuko dute haurren taldeetako zuzendariek, Musika Bandaren akademian, 15:15ean.