Eizmendi alkatearen ustez, "politikan dena ez da zilegi"

Udaleko EA taldearen zinegotziek eta Azpeitiko Ikasberri Ikastola eta Leku Eder SA promotorak Esklabetako lur eremuaren inguruaz esandakoaz jardun du gaur alkateak, eta lehen emandako argudioak berretsi egin ditu

Hilaren 15ean, Esklabetako lur eremurako Leku Ederren proposamenaz hitz egiteko lehen agerraldia egin zuen Julian Eizmendi alkateak, eta gaur orduan emandako argudioak berretsi egin ditu, Leku Eder promotorak eta 19. lur eremuko jabeek alkateak aurreko agerraldian ez zuela erantzun esan duten arren.

Argudio guztiak azaldu omen dizkie alkateak Esklabetako lurjabeei. "Beraz, harritu egiten nau haiek egindako proposamenak ez duela erantzunik jaso esaten jarraitzeak. Beste kontu bat da eman zaien erantzuna ez izatea gustukoa". Loiolako Hiribideko eremuaren garapena, "antolamendu egoki eta orekatu baten bidetik" egin behar dela azpimarratu du Eizmendik, "eta irizpideak ez dira beti bat etortzen irizpide ekonomiko hutsekin".

Arauen Berrazterketarako dokumentua Udalaren organoetan eztabaidatu eta onartuko dela gaineratu du eta jendaurrean ere erakusgai egongo dela, "epe horretan edozeinek aurkeztu ahal izango ditu proposamenak".

Etxebeltz-Izarra eremuak, hirigintza arloko araudiak beteko dituela ere azpimarratu du Eizmendik. "Ekipamendu, espazio libre eta abarri buruz bete beharreko araudiak beteko ditu eta udal honi dagozkion aprobetxamenduen kopurua eta helburua ere horretarako eskumena duten udal-organoetan eztabaidatu eta onartuko eta jendaurrean jarriko da".

Urbialde da lurren eroslea

Udala Etxebeltz-Izarra zergatik bultzatzen ari den jakiteko, hor lurren %15 erosi duena nor den jakitea garrantzitsua izan daitekeela esan zuten EAkoek eta Esklabetako lurjabeek. Alkateak hainbat kontu argitu nahi izan ditu: "Urbialde SA enpresari buruz ariko dira, horrek erosi baitizkio lurrak Zubeldia familiari (lur guztien %13). Enpresa horren ordezkari bat (hango langilea dena) nire alderdiko militantea da eta nire ezaguna. Uste dut atera nahi den ondorioa dela Etxebeltz-Izarraren garapena enpresa horri mesede egiteko bultzatu dudala. Jakin behar da erosi duen kopuruaren arabera 14 etxebizitza libre egiteko eskubidea izango duela".

Alkateak aipatu du enpresa horrek aurten ekainaren erdialdera erosi zituela lurrak. "Baina joan den urteko 2004ko amaierarako, hau da, urte erdia lehenago, Etxebeltz-Izarrako jabeek bazekiten lur horietan 320 etxebizitza inguru eraikiko zirela". Urbialde enpresak eremu horretan lurrak erosi aurretik, 2004ko urritik lurjabeekin hainbat bilera egin eta hainbat administrazio erabaki hartu direla azaldu zuen Eizmendik. Eta hartutako erabakiak hedabideen eta udaletxeko iragarki taula bidez jakinarazi direla. "Arau Ordezkatzaileen Aldaketa Puntualaren Aurrerapena, Etxebeltz-Izarra Eremurako, han eraikiko zen etxebizitza kopurua zehaztuta, 2005eko urtarrilaren 17an onartu zen. Erabaki hori jendaurrean iragarri zen udaletxeko iragarki taulan, urtarrilaren 21eko Diario Vascon eta urtarrilaren 24ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Udalbatza osoak 2005eko maiatzaren 5ean hartutako erabakiarekin aldaketa horren hasierako onarpena egin zen. Horren iragarkia udaletxeko iragarki taulan, maiatzaren 10eko Deia eta Gara egunkarietan eta maiatzaren 12ko Gipuzkoako aldizkari Ofizialean egin zen. Ekainaren 23an eman zitzaion behin-behineko onarpena eta gaurko egun behin betiko onarpena jaso zain dago", adierazi du Eizmendik.

"Iruditzen zait bere lurrak saldu dituen jabeak erosle bat baino gehiago ibiliko zuela, beste jabekide batzuek bezalaxe, eta iruditzen zait eskaintza onena egin zionari salduko zizkiola. Nik ezin dut kontrolatu, eta ez da nire lana, zein sustatzaile sartuko diren hirigintza eremu bakoitzaren garapena sustatzera".

Etxebeltz-Izarrako jabeek ere etxebizitza gehiago egin nahi zituztela esan du alkateak, "400 etxebizitzatik gora, baina Udalak erabaki zuen ez zirela 320 etxebizitza baino gehiago egingo han, gehienez 50 etxebizitza hektareako. Eta Esklabetako eremuan ere dentsitate bera ezarri nahi da".

Galdera batzuek ere egin ditu alkateak: "Zuek uste al duzue Arau Ordezkatzaileen Aldaketa hau 14 etxebizitza libre eraikitzeko eskubidea duen enpresa bati mesede egiteko bultzatu dugula? Ez 14gatik ez 1.000gatik ere. Gizarte Zentroa Esklaba aldean egitea defenditu genuenean esan zitzaigun interesak genituela han eta orain, berriz, badirudi beste aldean ditugula eta enpresa horrekin zehazki. Eta bihar, zein beste interes leporatuko zaigu? Era horretako esames eta salaketekin politika mundua gehiago zikintzea bakarrik lortzen da. Politikan dena ez da zilegi".

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide