Anbulatorioan "usain txarra" egoten dela salatu dute langileek

Urola Kostako Hitza 2005ko abe. 23a, 15:12
Anbulatorio barruan hoditeriako usaina egoten dela salatu dute bertako langileek.

Anbulatorioko eraikineko azpiegiturek eraberritzeko duten beharra nabarmendu dute bertako langileek, idatziz (Urola Kostako Hitza)

Azpeitiko anbulatorioan "sarri usain txarra egoten" dela eta neguko hilabeetan "areagotu egiten" dela salatu dute bertan lana egiten dutenek, eta horren berri emanez idatzi bat kaleratu dute. "Anbulatoriora etortzen diren herritar ugari osasun zentroan usain txarra egoten dela-eta kexatu egiten da, eta askotan langileongana zuzentzen dira hori esateko. Hori dela-eta, anbulatorioko langileok desesperatuta eta kezkatuta gaude", diote.

Anbulatorio barruan usain txarra egoteak, "osasun zentroari itxura txarra" ematen diola diote. "Eskerrak herri honetan denok ezagutzen garen, eta herritarrek oso ondo dakiten zein garen eta nola lan egiten dugun, bestela edozein erabiltzailek ihes egingo luke. Izan ere anbulatoriora sartu eta egoten den kiratsa beldurgarria da. Hoditeria usaina dago. Ez dakigu zein arriskutan gauden", azaldu dute anbulatorioko langileek.

Beraien ustez, arazoa aspaldikoa da: "Osasun zentroa beraren kokapena da arazoa, hoditeria zaharra dauka, aireztatze azpiegiturarik ez dago... Neguko hilabeteetan arazoa larriagoa izaten da gainera, berogailua jartzen denean osasun zentro barruko giroak okerrera egiten duelako".

Osasun zentro batean horrelako arazoa izatea "ulertzeko zaila" dela diote anbulatorioko langileek. "Azpeitiarren osasunaren alde lan egiten den zentro batean ulertezina da era honetako arazoa edukitzea. Jose Artetxe kaleko eraikin zaharraren azpiegiturek eraberritze sakona egitea behar dute. Hainbeste herritar hartu eta hain egoera txarrean dagoen beste eraikin publikorik ez dago Azpeitian", azaldu dute langileek.