Alkateak Esklabetako lurjabeei erantzuna eman ziela argitu du

Urola Kostako Hitza 2005ko abe. 16a, 14:12
Julian Eizmendi, alkatea

Udalak jarritako hiru irizpideren eta hartutako erabakien berri irailaren 28an eman ziela azaldu du alkateak (Urola Kostako Hitza)

"Irailaren 28an udaletxean bildu nintzen Esklaba inguruko lur-jabe guztiekin, Luciano Soraluzek (Promociones Leku-Eder SA) egindako proposamena aztertzeko eta, nire aldetik, Udalak gaiaz dituen plan-teamenduak egiteko", azaldu zuen atzo Julian Eizmendi alkateak.

Udalak, lur-jabeei emandako erantzunean hiru irizpide azaldu zizkien. Leku-Eder Promozioak-ek, Udalaren ustez etxe gehiegi egin nahi ditu. "Etxebeltz-Izarran hektareako 50 etxebizitza egitea erabaki zuen Udalak (nahiz eta hektareako 75 etxebizitza egiteko aukera egon). Loiolako hiribidea dugu herrian toki ederrenetakoa eta zaindu egin behar dugu, etxebizitza gehiegi egin gabe. Loiolako hiribidearen beste aldean ere, Esklaben ingururako, irizpide berbera erabiltzea da gure helburua, hau da, 50 etxebizitza hektareako. Azpeitiko arau urbanistikoen errebisioa prestatzen ari den taldeak, Esklaben aldean 450 etxebizitza izan daitezkeela proposatu du", esan zuen Eizmendik. Leku Eder-ek area horretan 664 etxebizitza eraikitzea proposatu du ordea. "Hori gehiegizko masifikazioa da, hektareako 50 etxebizitza egitearen dentsitate-irizpidea hausten du, gutxigorabehera %48 etxebizitza gehiago egitea aurreikusiz". Leku Ederrek, hektareako 43 etxebizitza egingo dituela zehaztu du: "Nola izan daiteke hori, dezente etxebizitza gehiago egin eta dentsitate txikiagoa izatea? Leku-Ederrek Esklabetan bere jabetzako mendixka bat sartu du, gaur egun nekazaritzarako izendatuta dagoen 35.000 metro karratuko lur eremua". Alkatearen iritziz, horrela bi helburu lortzen ditu Leku Ederrek: "Batetik, etxebizitza dentsitatea jaistea, baina masifikatuz, mendiaren maldetan ez baita eraikiko. Eta bestetik, enpresak aprobetxamenduetan izango zukeen kopurua handitzea, lur eremu horretan dituen metro karratuak ia bikoiztuz". Udalaren bigarren irizpidea, lurraren kalifikazioa da. Alegia, Leku Ederrek Esklabetako eremua mixtoa izatea proposatu du, hiritarra eta hiritargarria. Hiritarra den lur eremuan, %80ak etxebizitza libreak dira eta %20 babes ofizialekoak. Lur hiritargarrian, ordea, %35 etxebizitza libreak eta %65 babes ofizialekoak. "Leku Ederrek proposatutakoa Aldundiaren hirigintza saileko ordezkariek behin baino gehiagotan adierazi diguten iritziaren aurka dago. Arau Urbanistikoei behin betiko onarpena emateko ahalmena duen Aldundiak adierazten du, Esklabetako lur eremu horrek hiritargarria izan behar duela. Gaur egun sistema orokorretarako lur hiritargarria da, eta egiten ari garen arauen berrazterketan etxebizitzarako lur hiritargarria bezala izendatu nahi da. Beraz, proposatutako etxebizitza libre eta babesekoen arteko erlazioa ez da bidezkoa".

Zergatik Etxebeltz-Izarra?

Etxebeltz-Izarra lur eremuaren tramitazioa Udalak zergatik aurreratu duen ere azaldu zuen alkateak. "Egia da Esklaben eremuan Udalak lurrak dituela eta Gizarte Zentro bat egiteko helburuarekin erosi dituela. Baina, kontuan harturik etxebizitzak egiteko premia larria dagoela, batik bat babes ofizialeko etxeen eskaria betetzekoa, etxebizitzak egitera bideratutako etxebizitzarako lur eremu hiritargarri baten tramitazioa azkar egin behar zen. Helburu hori Etxebeltz-Izarra lur eremuan errazago bete zitekeen, etxebizitzarako lur hiritargarri bezala izendatuta zegoelako, eta horrek esan nahi du gaur-gaurkoz hor etxebizitzak eraiki daitezkeela. Baina Esklaba aldean, kalifikazioa aldatu egin beharko zaie etxebizitzak egiteko, eta aldaketa ezin da bat batean egin, tramitazioa eskatzen du eta hori gaur egunean egiten ari garen Arau Osagarrien berrazterketaren barruan egin behar da".

Hiru irizpideak lur jabeei azaldu zizkiela esan zuen alkateak: «Ikasberri Azpeitiko Ikastolako ordezkariek ere ez dezatela erantzun horretan beste irizpiderik ikusi eta ez daitezela garai bateko mamurik berpizten saiatu, ez baitago horrelakorik. Lurren jabe eta promotore gehienek nahi izaten dituzte herriari dagokion etxebizitza kopurua bere jabetzako lurretan eraikitzea. Hori da beraien helburua. Baina Udalari dagokio herriaren garapena ahalik eta irizpide egokienekin egitea, hiri-antolamendu eta kalitate irizpide egokienekin, eta irizpide horiek, jakina, ez dira beti interes pribatuekin bat etortzen».

Honen harira: