Loiolako Informazio Puntuan 22.000 bisitari hartu dituzte

Iraurgi lantzenekoek adierazi dutenez aurten Loiolako Informazio Puntuan hartu den bisitari kopurua %35 igo da (Urola Kostako Hitza)

Urtero, Iraurgi Lantzen S.A.-k INEMen laguntzarekin Turismo Informazio puntua zabaldu ohi du Loiolan. Aurten, ekainaren erdian ireki zuten, eta hil honen 12ra arte eduki dute zabalik. Iaz baino hilabete bat gehiago egon da zabalik, eta aurten bisitarien kopurua %35 igo dela diote Iraurgi Lantzeneko arduradunek. Guztira 22.235 bisitari izan dira Informazio Puntuan hartu dituztenak.

Iraurgi Lantzenekoak egin duten balorazioa ona izan da. "Iazko kopuruak oso onak izan ziren, baina aurten bisitari kopuruak gora egin du nabarmen", diote.

Loiolako Informazio Puntuan egin duten lanaren berri ere eman dute Iraurgi Lantzenekoek. "Lehenik eta behin, bisitariak eskualdera bideratzen saiatu gara, bertako informazioa eta eguna pasatzeko dauden aukeren berri emanez. Hainbat bisitari interesatu dira Azpeitiko Trenaren Museoaz, Ingurumen Etxeaz eta Azkoitiko San Martin Ondare Museoaz. Bi herrietako alde zaharrak ezagutzera ere joan izan dira, edota askori eman zaie eskualdeko jatetxeen zerrenda jatordua non egin daitekeen galdetu eta gero".

Eskualdeko informazioaz gainera, Gipuzkoako beste eskualdeen eta EAEko informazio orokorraren berri ere eskatu izan dute Loiolara joandako bisitariek. "Diptikoak, aldizkariak, posterrak, mapak eta beste hainbat turismoko material ere banatu ditugu turisten artean", diote.

Loiolako Turismo Bulegoa

Loiolako Informazio Puntua Iraurgi Lantzen S.A.-ren ekimenez zabaltzen da eta INEMen laguntzarekin.

Bi pertsona lanean. Loiolako Informazio Puntuan bi lagunek jardun dute lanean, ekainaren 15etik hil honen 12ra arte. Asteartetik igandera biartean egon da zabalik, 10:00etatik 13:30era eta 15:30etik 19:00etara.

Hilabete gehiago. Iaz hiru hilabetez egon zen zabalik Loiolako Puntua eta aurten, berriz, lau hilabetez egon da.

Bisitariak. Lau hilabetetan guztira 22.235 bisitariri egin zaie harrera.

%35 gehiago. Iazko datuekin alderatuta bisitari kopurua %35 igo da.

Atzerritik etorritakoak. 10.001 bisitari Espainiatik etorri dira Loiola bisitatzera. Beste herrialde batzuetatik etorritakoak, 9.288 bisitari izan dira. Horietatik erdiak Frantziatik, baina Italiatik Portugaldik, Erresuma Batutik eta Amerikako Estatu Batuetatik etorritakoak ere hartu dira bertan. Iraurgi Lantzenekoen esanetan, "Kataluniarren eta madrildarren presentzia nabarmena izan da. Baina Valentzia, Gaztela-Leon eta Andaluziatik etorritako turistak ere izan dira Loiolan".

Bisitariak. Euskal Herriko biztanleak ere izan dira Loiolan bisitan. Horietatik Informazio Puntuan hartu direnak 2.946 izan dira.

Bost astez. Uztailaren 20tik abuztuaren 20ra bitartean, Loiolara hurbildutako bisitariei eta gainontzekoei Azkoitia eta Azpeitiako parrokiuak bisitatzeko aukera eskaini zaie.

Bisitariak. Bost aste horietan Azpeitiko parrokiatik 437 bisitari igaro ziren eta Azkoitikotik 146.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide