'Note Book' liburua aurkeztu du gaur Pako Aristik

Urola Kostako Hitza 2005ko urr. 18a, 17:10
Pako Aristi 'Note Book' liburuaren aurkezpenean.

Liburua 75 pieza txikiz osatuta dago

Liburuko pasarte bat aurreratu genuen lehengoan

Pako Aristik Note Book liburua (Erein) aurkeztu du gaur Donostian. Aristik idatzitako azken bi liburuak —Libreta horiko poemak (2003) eta Gauza Txikien Liburua (2005)— bezalaxe idatzi motzekin osatutako liburua da. "Nahigabe, erabat, trilogia bat ez dudan egin pentsatzen etorri naiz aurkezpenera", dio Aristik. "Libreta horiko poemak liburua, gu edo gure bizitza litzateke. Gauza txikien liburua nia edo nik bizitakoa da eta Note book, berriz, gu eta niaren ondoren, zu edo zuek da. Gizartea, mundua nola dauden nire iduriko, gizartekoak nola ikusten ditudan eta nire buruaz inoiz baino gutxiago idatzi dut oraingoan". Liburua iaz, azaroan, hasi zen idazten eta irailerako bukatu zuen. Teknika berezi bat erabili du idazle urrestildarrak Note book liburua idazteko. "Testu guztiei neurri bat jarri diet. Denek folio batean sartu behar zuten eta halaxe egin ditut, denak folio batean sartzen den neurria daukate", azaldu du Aristik. Folio bat gauza "miresgarria" iruditzen zaiola dio, "gauza sakratua da, bizitzan gure neurria da, pentsamenduak ateratzeko superfizie bat da".

Aristiren azken liburuaren berri eman da Urola Kostako Hitza egunkarian, Berrian eta Garan.