Oroimenaren beharraz

Pako Sudupe 2005ko urr. 15a, 13:10

Berria egunkarian gaur Espainiako Gerrako kontuez idatzi du, eta Iñaki Azpiazu eta Jose Artetxe azpeitiarrei buruzko aipuak egin ditu

AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteak antolatutako Ahaztearen aurkako karabana abiatu da Santandertik. Madrilera joango da estatuko zazpi hiritako hilerrietan geraldiak egin ondotik, biktimen oroitzapena bizirik mantentzeko. Oraingoz ez da Euskal Herritik igaroko, gurean bizi diren biktimei kalterik ez sortzeko. Berrogei urte eta gehiagotan sufrimendua eta gutxiespena ezkutuan eraman behar izan zutenak duela hogeita bost bat urte hasi ziren oroitzapen, justizia eta omenaldi eske, eta geroz indar handiagoa hartzen ari da.

Fustiñanako lurpean aurkitutako Murchanteko zazpi jornalarien gorpuak direla, pairatu zuen errepresioagatik famatua den Sartagudan 86 fusilatu 1.200 bizilaguneko herrian eraikitzekotan diren memoriaren parkea dela; Gipuzkoan ere, Donostiako Ulian fusilatuei egingo zaien omenaldia, Oiartzungo Aritxulegiko lepoan egin beharrekoa, edo datorren urtean Hernanin-eta egingo direnak hirurogeita hamar urtekari.

Galderak sortzen dira: euskal herritarrok baliatuko dugu faxismoaren bidegabekerien aurkako eta justiziaren aldeko mugimendu hau, biktima hauen guztian sustraian dagoen arazo politikoari benetako irtenbidea aurkitzeko ala, onenean, han-hemenka barreiaturiko familia partikular batzuei eskainiko zaien nolabaiteko konpentsazio moral hutsean geratuko da? Fustiñanako aurkikuntzak ekarri dit gogora. ELA/STVren aldeko hitzaldiak egiteagatik eta nazionalista zelako Iñaki Azpiazu apaizak zazpi hilabete eta zazpi egun igaro zituen Francopeko Espainian ezkutaturik, ihesi, hari laguntzea zegokien Gasteizko bikario nagusi Perez Ormazabalek eta Iruñeko gotzain Olaetxeak ezer egin ez zutelako haren alde. Francoren mendeko alderdian bizi izan zen benetako terrorismo orokortuaz honela idatzi zuen: “ 'En los pueblos de la Rivera (.) las noches eran esperadas con angustia. Coches fantasmas recorrían veloces las calles. De pronto se detenían ante una casa. Descendían de ellos requetés o falangistas, subían a los domicilios, detenían al fichado como enemigo político y se lo llevaban a pasear, es decir a matar. Así, cada mañana amanecía ante nuestros ojos manchada de sangre y marcada por el terror (.) Las autoridades militares promovían o aceptaban estos asesinatos, la Jerarquía Eclesiástica callaba, los asesinos se jactaban de sus crímenes' (.) Ez zaizkizue naziei buruzko filmak gogora etortzen? 'El terror no tuvo límites. El miedo reinaba hasta en las iglesias. Por miedo de ser denunciado por mis propios hermanos, hube de cambiar de nombre en las sacrístias, siguiendo el consejo prudente del Obispo de Pamplona' ”.

Jose Artetxe idazlearena ere adierazgarria da. 1936ko gerra aurrean EAJko Gipuzkoako Buru Batzarreko kide izan zen; gerra etorri eta barruak ez zion agintzen gorriekin bat egitea, nahiago izan zuen Errepublikaren aurka altxatuekin bat egin. Hiru urtez Tercio de Oriamendi errekete taldearekin ibili zen, lehenik Araba eta Bizkaian, gero Espainiako gerra-fronte askotan. Hiru urteko esperientzia horren ondotik honako sentimenduei eman zien aterpe: “ 'Sin dejar de ser vasco soy capaz de sentirme castellano, aragonés, andaluz y portugués al mismo tiempo. Concibo la patria española desde Creus hasta el cabo de San Vicente, desde Finisterre hasta el Cabo de Gata y desde Irún hasta la última roca de Gibraltar con toda la fecunda complejidad de sus diferencias' ”.

Uste duzue gerrako hiru urteko merituek eta sentimendu espainolistek balio izan ziotela Francopeko zentsura ekiditeko? Bere 'Un vasco en la postguerra'-ren erdia hortxe nonbait, zentsurarekikoek hartzen dute. Ez luzatzearren pasadizo batera mugatuko gara: zentsorea tematurik Portar bien...! izenburuko liburuan, halabeharrez hiru tokitan guerra civil jartzen zuen tokian 'guerra de liberación', Cruzada, eta Cruzada liberadora jarri behar zuela. Bere onetik irtenda Artetxek Gipuzkaoko zentsuratzaile buruari: “ 'creo que la censura puede tachar, pero no dictar. Repito que escribo para todos, para los que están a un lado como al otro' ”. Zentsuratzaile buruak erantzun antologikoa: “ 'Nadie llama a la Revolución francesa guerra civil. Todos los franceses, bien sean de la izquierda o de la derecha (.) le llaman Revolución francesa' ”, (1957koa).

Espainiako gerra zibila ez zen izan anai arteko gerra irrazional basatia, alde batekoak bezala bestekoak basapiztikerian erori zirenekoa. Militarrek, falangista eta erreketeek, apaiz askoren eta hierarkiaren bedeinkapenarekin, iraultza espainol eskuindarra egin zuten, Espainia berria, ordena faxista sasi-erlijioso berria ezarri: ezker politika eta sindikalismo mota oro suntsitu, autonomismo eta separatismo kutsu oro errotik erauzi. Iñaki Azpiazu bezalako apaiz zerutiar bat hirugarren jarri zuten Iruñeko zirkulu karlistan, apaiz 'detenido-fusilable'-en zerrendan, lagun zuen apaiz integrista Francoren aldeko batek aitortu zionez. Ezkertiarrak fusilatu beharrekoak ziren, euskal nazionalistak apaizak barne ere bai. Beste batzuek, Jose Artetxe bezalakoak, Mugimenduaren oso aldekoak ez zirenak moldagarriak ziren, baina aski estu kontrolatzekotan. Ideia horiek badakigu azken mutur eta ondorioetaraino eraman zituztela.

Abertzale eta ezkertiar sentitzen garenoi arbasoak hil zizkiguten, eta Hego Euskal Herrian ehun eta berrogeita hamar mila aberkiderik gabe utzi gintuzten: iheslari izatera behartu zituztenez. Iñaki Azpiazu, Francoren mendeko alderdian zazpi hilabete eta zazpi egunez izu-laborriak jasan ondotik, Nafarroako mendietatik bestaldera igaro zen Gernika artean sutan zela. Argentinara erbesteratu beharra izan zuen. Garbiketa ideologiko-sozial alimalekoa. Gure herriak oraindik oso ezagun du sarraski horren ondorena.

Iraultza eskuindarra burutu zutenen artean, aldiz, ez da esateko garbiketarik egin. Duela hogeita bost urte, justu autonomi estatutuak-eta bideratzen ari zirela, Tejerok eta Milans del Boschek eta Armadak jotako kolpeak ez zuen lortu Primo de Rivera edo Francoren itzulerarik, baina hura ikertu zuten gehienek diote estatu-kolpea ez baina estatuari kolpea bai eman ziotela. Gogora LOAPA eta gainerakoak. Juan Carlos errege armadaburuak adierazi zien militarrei Espainiaren historia loriatsuaz harro egoten jarrai zezaketela. Katalunian bigarren estatutua onartzearekin batera, berriro non entzuten dugun Espainiako Armadako buruaren ahotik Espainia zatiezinaren dogma. Ez da modurik egokiena gerra zibila ahazteko.

Egokiago litzateke autodeterminazioa onartzea, ahaztu ez baina Espainiaren historiarekin adiskideagotzeko. Hartara Santandertik Madrilera doan karabana Euskal Herritik igarotzeko ez litzateke arazorik. Espainia berria indarrez ezartzeko egin zirenak ezingo dira inoiz kitatu eta ordaindu, baina gorago aipatua onartzera omenaldi bateratuagoa egin ahal izango genuke Nafarroan ez ezik Hego Euskal Herri osoan, ez, Sartagudan, Ulian, Aritxulegin, Hernanin... barreiaturik. Gurean oroimena elikatzea beste inon baino premiazkoagoa da, perspektiba ez galtzeko eta tinko irauteko, justiziazko bakea helburu.