Eskulan eta formazio ikastaroak urritik aurrera

Urola Kostako Hitza 2005ko ira. 7a, 14:09

Udaleko Gizartekintza Sailak antolatu ditu Emakumeen Mahaiarekin batera (www.urola-kostakohitza.info)

Udaleko Gizartekintza sailak, Emakumearen Mahaiarekin batera eskulan eta formazio ikastaroak antolatu ditu, denak urrian hasiko dira. Horietan parte hartu nahi duenak udaletxera, Gizartekintza sailera (bigarren solairua) jo beharko du edota 943 157192 telefono zenbakira deitu, irailaren 23a baino lehen.

Formazio ikastaroak hiru dira: poesia eta musika sorkuntza (gazteleraz da), antzerkia eta emakumearen gela (gazteleraz eta euskaraz da). Poesia eta musika sorkuntza ikastaroa asteazkenetan izango da eta Julia Leonek emango du, urriaren 5etik abenduaren 28ra arte.

Aurreko urteetan bezalaxe antzerki ikastaroak Alaitz Olaizolak emango ditu, ostegun arratsaldetan, urriaren 6tik maiatzaren 25era bitartean. Emakumearen gela ikastaroak Maitasun historia: emakumeak harreman sozial eta afektiboetan egun duten lekua ulertzeko du izenburua eta Jose Luis Vazquez ariko da irakasle, astelehen eta astearte arratsaldetan, urriaren 3tik azaroaren 22ra arte.

Eskulanen ikastaroak urrian hasi eta ekainera arte izango dira, eta hainbat ordutegi daude aukeran. Horietan bolilloa, gurutze puntua, jantzigintza, metal, egur eta poliuretano gaineko pintura, gauza zaharrak berritzea... ikasi daitezke.