San Martin egoitza berritu eta handitzeko hitzarmena sinatu dute

Urola Kostako Hitza 2005ko uzt. 15a, 12:07
Esther Larrañaga Aldundiko Gizarte Politikako diputatuak eta Julian Eizmendi San Martin Fundazioko lehendakariak eta Azpeitiko alkateak atzo sinatu zuten egoitza berritu eta handitzeko hitzarmena.

Egoitzak, berritzen dutenean, 76 lagunentzako lekua izango du, eta lanak Aldundiak eta Fundazioak ordainduko dituzte

Datorren hilean hasiko dira lanak egiten (www.urola-kostakohitza.info)

San Martin egoitza berritu eta handitu egingo dute, eta 76 egoiliarrentzako tokia izango du lanak bukatutakoan. Atzo sinatu zuten akordioa Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Esther Larrañaga diputatuak eta San Martin Egoitza Fundazioko lehendakari den Julian Eizmendi Azpeitiko alkateak.

Obrak datorren hilean hasiko dira, eta "eraikin zaharra" bota egingo dutela iragarri zuen Eizmendik. Lanak, berriz, irailean hasi eta 2007. urtearen hasieran bukatuko dira. "Adineko pertsonen beharrei erantzuteko eta era honetako akordioak egiteko derrigorrezkoa da administrazioen arteko lana eta baita erakunde pribatuekikoa ere. Iraurgiko azpieskualdean (Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Errezil...) 65 urtetik gorako 5.130 pertsona bizi dira, biztanleen %18a eta horietatik 80 urtetik gorakoak 1.200 pertsona dira. Beraz, horien beharrei erantzuteko, 2010. urterako 210 egoitza plaza aurreikusten dira eta Azpeitian 120 egoitza plaza beharko dira urte horretan", esan zuen Larrañagak. Aldundiaren hitzarmenaren helburua bikoitza da: "Batetik, egoitza-lekuen udalerriko eskaera gero eta handiagoari erantzutea, eta bestetik gaur egungo egoitza-lekuak egokitzea ezintasun handiago duten egoiliarren beharrei erantzuteko".

Azpeitian, hemendik bost urtera egoitzan 120 lagunentzat lekua egoteko bi proiektu egitea erabaki da. Batetik, San Martin egoitza eraberritzea, eta bestetik Loiolabiden egingo diren ekipamendu berriak. Hauen inguruan Eizmendi alkateak jardun zuen: "Herriak beharko dituen 120 egoitza plaza horien inguruan hausnarketa prozesu inportantea eman da. Horren baitan, iaz, San Martin Egoitza Fundazioak eraberritu eta handitzeko erabakia hartu zuen. Ondorioz, aterabide globalari begira, otsaileko udalbatzarrean aurrera begirako behar horiei erantzuteko Loiolabiden lurrak erreserbatzeko erabakia hartu zen. Biek ezinbestean bateragarriak izan beharko dute, bai organikoki eta baita denboran ere". Epe motzerako proiektuen artean San Martin Egoitzaren eraberritzea eta Eguneko Zentroa 24 plazetara handitzea daude. Epe ertainean, Loiolabideko ekipamenduekin hasiko dira lanean.

Obrak faseka

San Martin egoitzaren berritzea faseka egingo dute, "erabiltzaileek ez dezaten eguneroko bizitzan inolako trabarik izan". Gaur egungo eraikinaren zati handiena bere horretan utziko dute eta beste eraikin bat erantsiko zaio.

Lanak bukatzen direnean, lehen hiru solairuak bina gunetan banatuta geldituko dira. Gaur egungo eraikinean binakako zortzi gela prestatuko dira horiek ere eraberritu egingo dira . Bigarren gunean berriak egongo dira eta horietan banakako sei gela egingo dituzte. Beheko solairuan, zerbitzu orokorrak egongo dira.

Eztabaidak

San Martingo egoitzari buruz egon diren eztabaida guztiak irakurri nahi izanez gero hemen duzu aukera: Eztabaidak