Behin ere ez da nahikoa

ALCER elkartekoek organo emaileak egiteko eta informatzeko mahaia jarri zuten atzo Azpeitiko plazan (www.urola-kostakohitza.info)

ALCER giltzurruneko gaixoen elkarteko Marisa Peña azkoitiarra, Maria Pilar Legarda-Ereño, Mari Carmen Campos eta Rosa Mari Arrizabalaga azpeitiarrak eta Arantxa Lazkano eta Luis Gallego zarauztarrak, atzo, mahaiaren bueltan eserita zeuden Azpeitiko udaletxe azpian. Astearteroko azoka eguna zen, eta egun horixe aukeratu zuten jendea organo emaile egitera animatu eta informatzeko. "Batzuk galdezka etorri zaizkigu eta organo emaile egiteko txartela hartu eta etxera eraman dute, gero gutakoren bati eman edota postaz bidaltzeko asmoarekin. Beste batzuk zuzenean, mahaian bertan, organo emaile txartela bete dute", kontatzen zuten.

Ekainaren 1ean Organo Emaile Eguna ospatu zen, eta orduz gero eta bi astetan eskualdeko herrietan organo emaileak egiteko mahaiak jarri dituzte. "Urtero moduan ondo erantzun du jendeak, baina guk beti gehiago nahi dugu", zioten.

Atzo mahaian zeuden gehienak giltzurruna jaso dutenak dira. "Gu giltzurruna hartuta gaude, baina urtero ehun transplante egiten badira, 140 gaixo sartzen dira. Beraz, organoren baten zain daudenak gehiago dira. Gainera, giltzurrunetatik gaixo gaudenak bizi osorako gaixoak gara; askotan bi eta hiru aldiz egin behar izaten digutelako transplantea. Gaur egun, gainera, adinean aurrera egindakoei ere hainbat organoetako transplanteak egiteko aukera dago", kontatzen dute mahaiaren bestaldetik.

Txartela bete ondoren organo guztiak emateko baimena ematen da, nahiz eta gero azken hitza gertukoek izan, familiakoek alegia. Organo Emaileen Egunarekin lotutako azken mahaia, aurtengoz, larunbatean Azkoitian jarriko dute, eliz atarian, 09:45etik 13:00etara bitartean.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide