"Euskara maletan hartu eta mundura"

Alex Etxeberria (Azpeitiko EAJ/PNVko Uri Batzarraren izenean) 2005ko eka. 6a, 12:06

Iñaki Goenagaren hitzak dira. Bere bizitzan beste zenbait printzipio bezala hau ere, Euskara, odolean zuen osagarria zuen.

Bere bizitzaren azkeneko urtean, 100 urte betetzean, ezagutu zuten herritar askok, eta orduan jakin zein aberatsa izan zen haren bizitza. Bere bizitzako pasadizo batzuen berri izateak adierazi zigun, gorputz txiki hark gordetzen zuen altxor handia eta, egun haietan eginiko elkarrizketen bitartez, zatitxo bat besterik ezagutu ez bagenuen ere, ikusi eta sentitu genuen zenbaterainoko euskalduna eta abertzalea izan zen.

Bere bihotzak (sentimenduak) eta buruak (inteligentziak) erritmo berdina hartu zutenean, txikitatik etxean bizi izan zuen giroa eta herriarekiko maitasuna loratu zitzaizkion, eta fruitu ugari eman ere. Gaur ordea, lerro hauek ez dira bere bizitzan egindakoak azaltzeko, ezkertzeko baizik.

EAJ/PNVren kidea zen. Alderdikide bezala bere azken agerpena Irunen izan zuen. Aurtengo Aberri egunean bera izan baitzen Ikurrina jaso zuena, herritarrei gure konpromisoa berritu ziguna, eta jakin badakigu zenbaterainoko poza eta indarra transmititzen zuen bere hitzetan. Alderdikide garenontzat, beste zenbait jeltzale eredugarrirekin batera, gogoan izan beharrekoa da Iñaki Goenaga, eta gaur guk hartzen dugu bere testigua. Bakoitza, bizitzea tokatzen zaigun garaiak, baldintzatzen gaitu. Oraingo denborak ez dira Iñakik bere gaztetasunean bizi izan zituenak, baina abertzale on baten ametsak oraindik ez dira bete, beraz, badugu zer egina.

Hileta elizkizunean haren iloba batek aitonak idatzitako altxor ugaritik olerki bat aukeratu eta irakurri zuen. Agurtzera joan ginenentzat azken oparia izan zen, eta lerro hauek irakurtzen dituzuenentzako ere horrela izango direlakoan gaude:

Neska itsua

Begian pupua, begia itsua

Argiaren bilan urrun banua,

Jun eta erori, hor nauzu, Ama!

Baña begi itsuak urrun narama.

"Euskara maletan hartu eta mundura", Euskadirentzat maitasuna, eta Iñaki zuretzat, gure esker ona!