Udalekuetan 310 haur eta gazte ibiliko dira

Urola Kostako Hitza 2005ko eka. 2a, 15:06

Hilaren 20tik aurrera haur eta gazteen gurasoekin bilerak egingo dituzte (www.urola-kostakohitza)

Udaleko Gazteria sailak, Udaleko beste sail batzuekin elkarlanean, ekainaren 20tik uztailaren bukaera arte hiru urtetik 18 urtera artekoentzat udaleku irekiak antolatu dituzte: Udan Txiki, Udan Jolas, Udan Mugi, Udan Alai eta Udabentura. Udako programa horietan herriko 310 haur eta gaztek parte hartuko dute.

Programa bakoitzaren eskaintzaren berri emateko, begirale taldearen aurkezpena egiteko eta sortu daitezkeen zalantzak argitzeko haur eta gazteen gurasoekin batzarrak deitu dituzte. Udan Txikikoak hilaren 20an dute, Udan Jolasekoek 21ean eta Udan Mugikoek 22an. Denak 19:30ean eta Sindikatu Zaharrean izango dira. Udan Alaikoen gurasoak hilaren 23an bilduko dira eta Udabenturakoenak, berriz, 24an; bi batzarrak 20:00etan dira, Zapo Txoko Gaztelekuan.

Udako ordutegia

Gazteriatik, uda garaian Udaleko gazteria alorreko zerbitzua ematen duten lokal desberdinek ordutegi berria izango dutela ere iragarri dute.

Gazte Informazio Bulegoa ekainean eta uztailaren 28ra arte goizez bakarrik egongo da irekita, 08:30etik 13:30era, eta uztailaren 29tik abuztuaren 15era artean itxi egingo dute, bertako langileek oporrak hartuko dituztelako, baina bulego horretan ematen duten zerbitzua opor egun horietan Azkoitiko GIBen (Bizenta Mogel 6, behea) eskainiko dute. Abuztuaren 16tik irailaren 8ra, berriro, irekita egongo da, 08:30etik 13:30era.

Herriko bi ludotekak, Iturritxiki eta Txiki Txoko, ekainaren 22tik irailaren 12ra egongo dira itxita. Zapo Txoko Gaztelekua, berriz, ekainaren 23tik irailaren 22ra itxiko da.

Eneagrama ikastaroa

Aurreko hilean eneagramako lehen eta bigarren mailako ikastaroak egin ziren Zapo Txokok antolatuta, eta orain hirugarren maila egiteko aukera jarri dute. "Geure buruak eta besteenak hobeto ulertzen laguntzen digun teknika hau hiru mailatan banatzen da eta, beraz, orain proposatzen dugun hirugarren maila honekin Eneagramaren ikaskuntza osoa biribilduko da", diote antolatzaileek.

Eneagramako hirugarren mailako saioak hilaren 11 eta 12ko asteburuan izango dira, 10:00etan hasita eta Sindikatu Zaharrean. Ikastaroa 50 euro kostako da eta langabetu txartelarekin 45 euro. Bertara manta edo lo-zakua eta arropa erosoa eraman behar da. Parte hartzeko izen-ematea ekainaren 9a arte egongo da zabalik, Zapo Txoko Gaztelekuan.