Urrestillako lokal berriak erabiltzen hasteko prest daude

Urola Kostako Hitza 2005ko eka. 1a, 18:06

Lokalak San Joan bezperan inauguratuko dituzte,eta osasun zentroa uztailaren 1ean jarriko dute martxan (www.urola-kostakohitza.info)

Herenegun, Udaleko arduradunek Urrestillan nagusientzat, gazteentzat eta medikuaren zerbitzurako prestatu dituzten lokalen funtzionamendua azaldu zituzten. Lokalak San Joan egunaren bezperan, ekainaren 23an, irekiko dituzte eta medikuaren zerbitzua uztailaren 1ean jarriko dute martxan.

Nagusientzako gela bat (sukalde txiki batekin), gazteentzako lokala (mahai handi bat eta ordenagailuekin) eta osasun zentroa ditu Urrestillako gune berriak. "Inaugurazio egunerako nagusien batzorde bat osatzea nahiko genuke. Lau pertsonakoa edo gehiagokoa, hori Urrestilgo jubilatuek erabaki beharko duzue", zioen Julian Eizmendi alkateak batzarrean. Batzorde hori autonomoa izango da eta lokalaren ordutegia, kuotak eta abar berak erabaki beharko ditu. Batzordekideek nagusien lokaleko giltza edukiko dute eta bazkide egiten direnek lokalera sartzeko txartel baten jabe izango dira.

Jubilatu eta pentsiodunak bakarrik egin daitezke lokal horren bazkide. "Baina lokala batzarren bat, hitzaldiren bat edota festa batzordea biltzeko beharko balitzateke, batzordekoren batekin hitz egin eta horretarako erabiltzeko modua izango da. Lokala azken batean herriarena baita", azaldu zuen alkateak.

Gazteentzako lokal bat ere prestatu dute. Hori ikasteko pentsatuta atondu du Udalak. "Horregatik mahai handi bat eta ordenagailuak jarri dira han", zioen Manuel Unanuek, Udalean EAko bozeramaile denak. 8 eta 18 urte bitartekoei zuzenduta dago, eta hauek ere lokalera sartzeko txartela edukiko dute.

Bai nagusien eta bai gazteen lokalak gela txiki baten bidez lotuta daude. "Garrantzitsua da gazte eta helduen arteko hartu emana", adierazi zuen bileran Edurne Zubia Udaleko Gizarte Zerbitzuetako arduradunak.

Dirua ateratzeko kutxazain bat ere egongo da lokal berrietan. Kutxak jarriko du.

Osasun zentroa

Mediku eta erizain baten zerbitzua ere egongo da Urrestillan uztailaren 1etik aurrera.

Medikuaren zerbitzua Errezilgoarekin batera emango dute Urrestillan. Beraz, egunero 08:00etatik 11:00etara edota 11:00etatik 15:00etara egongo da irekita. Odola astean bitan aterako dute bertan: asterteetan eta ostiraletan. Medikurako ordua, berriz, Azpeitiko anbulatoriora deituta hartu behar da.

Hilaren 15etik aurrera urrestildarrek etxean mediku aldaketaren berri emanez gutun bat jasoko dute, eta aldaketa hori egiten nahiko ez balute, gutunean bertan zehaztuta dago zer egin behar duten. Pediatraren zerbitzua Urrestillan jasotzeko modua ere egongo da aurrerantzean, baina horretarako eskaera egin beharko dute; hori ere gutunean zehaztuko diete.