Uztarria Kultur Koordinadoraren elkartasuna KIEri, Baigorriri eta GARAri

Uztarria Kultur Koordinadora 2005ko mai. 19a, 12:05

Espainiako Auzitegi Nazionalak Egin argitaratzen zuten enpresen zorra ordainarazi nahi die Gara argitaratzen duen Baigorri editoreari eta egunkaria inprimatzen duen KIE inprimategiari. Eta hori gutxi balitz orain Gara-ko zuzendaria, Josu Juaristi auzipetu nahi du epaitegi horrek, egunkarian ETAren komunikatu bat argitaratzeagatik

Uztarria Kultur Koordinadorak adierazpen askatasunaren aurkako eraso arbuiagarritzat jotzen ditu Espainiako Auzitegi Nazionalaren ebazpenak

Espainiako Auzitegi Nazionalak Egin argitaratzen zuten enpresen zorra ordainarazi nahi die Gara argitaratzen duen Baigorri editoreari eta egunkaria inprimatzen duen KIE inprimategiari. Hasteko, 440.000 euro ordaintzeko agindua ezarri dio KIEri Espainiako Auzitegi Nazionalak. Hori, astakeria judiziala izateaz gain, KIEko 21 langileren lanpostua eta inprimategiaren beraren etorkizuna kinka larrian jartzeko modu bat da. Gainera, Baigorriri beste lau milioi eurotik gora ordainarazi nahi dizkio Auzitegi Nazionalak. Eta, aurrekoa gutxi balitz, orain Gara-ko zuzendaria, Josu Juaristi auzipetu nahi du epaitegi horrek, egunkarian ETAren komunikatu bat argitaratzeagatik.

Uztarria Kultur Koordinadorako kideok gogor salatu nahi ditugu eraso horiek denak. Adierazpen askatasunaren aurkako eraso arbuiagarritzat jotzen ditugu, izan ere, Espainiako Auzitegi Nazionalaren ebazpenak. Ez da lehen aldia erakunde horrek Euskal Herriko komunikabideren baten kontra erasoa jotzen duena. Lau dira, dagoeneko, itxi dituen komunikabideak: Egin egunkaria, Egin Irratia, Euskaldunon Egunkaria eta Ardi Beltza aldizkaria. Oraingoan ez dute ixteko agindurik eman, baina Gara ere ixteko modua aurkitu nahi dute, bereak ez diren zor batzuk ordaintzera behartuz eta haren jardun informatiboa kriminalizatuz. Era horretara, Baigorrik eta KIEk Euskal Herriko komunikazio arloari egiten dioten ekarpena zapuztu nahi dute. Prentsa eta informazio eskubideen kontrako erasoak onartezinak direla adierazi nahi dugu, eta Euskal Herriko komunikabideen kontrako jarduna ez dela oraindik eten, zoritxarrez. Gutxieneko babes guneak eta bideak garatzeko lanean urrats asko dauzkagu egiteko oraindik. Urrats horiek egiteko prest dauden eragile eta erakunde guztiekin elkarlanean aritzeko gogoz gaude.

Uztarria Kultur Koordinadorak 2003ko uztailaren 4an ere iritzia argitaratu zuen Espainiako Gizarte Segurantzak orduan jakitera eman zuelako 'Gara'-ren enpresa editoreak, Baigorrik eta KIE enpresak ordaindu behar zutela 'Egin'-en enpresa editore Orain SAren zorra.