Udal Mugikortasun Plana dagoeneko martxan da

Urola Kostako Hitza 2005ko api. 25a, 18:04

Herriko trafiko arazoak konpontzeko asmoz aldaketak egiten hasi dira herrian (urola-kostakohitza.info)

Iazko irailean aurkeztu zuen Udalak Mugikortasun Iraunkorraren Plan Orokorra. Orain, plangintza gauzatzeko garaia heldu da. Herrian barrena ibiltzen den trafikoa aztertu ostean, motorizazio maila handia dagoela ondorioztatu zuten, besteak beste, eta neurriak hartzeari ekin zioten. Oinezkoen eta bizikleten aldeko apustua egin nahi du Udalak, eta horretarako hainbat aldaketa proposatu ditu. Aipatu aldaketak pixkanaka egingo dituzte, epe laburrerako, ertainerako eta luzerako ezarritako helburuak bete artean. Batzuk dagoeneko burutu dituzte, hala nola, Foru Ibilbidean jarri duten badena. Datozen egunetan hasiko dira gainerakoekin.

Joerak aldatuz

Azpeitian dagoen ibilgailu kopurua nabarmen igo da azken 20 urteotan. Mila biztanleko 472 auto zeuden herrian 2002an. Urte berean, ia 8.000 ibilgailu zeuden guztira, auto, autobus, motor eta kamioiak kontuan hartuta. Ibilgailu kopuru hau aintzat hartuta, guztiak batera jarriz gero 131.000 metro karratuko espazioa hartuko lukete. GI-631 errepidetik batez beste egunero 16.000 auto pasatzen da. Honek guztiak oinezkoentzako deserosotasuna eta segurtasun eza dakar.

Herri barruan egiten diren ibilbideak oinez edo bizikletan egin daitezke, herriko edozein puntutatik erdi gunera ordu laurdeneko bidea besterik ez baitago. Beraz, Udalak duen erronka nagusia oinezkoentzat eta bizikletentzat sarea egitea da. Autorik gabeko eremua sortzeko ahaleginak egingo dituzte gainera, eta garraio kolektiboak -autobusak zein trena- hobetzeari ekingo diote. Guztia "herri erosoagoa egiteko eta oinezkoen mugikortasun ahalmena sustatzeko".