Kultur Etxerik gabeko herria

Leire Ostolaza 2005ko api. 11a, 18:04

Urola Kostako Hitza egunkarian idatzi duen artikulua da:

Uztarriaren webguneko eztabaida jarraitu dut azken boladan, eta aspaldi honetan herriaren ahotan dabilen Arcelorren lantegia herritik ateratzea eta lur horrekin egin beharko litzatekenari buruzko iritzi desberdinak asko direla konturatu naiz.

Batzuk zonalde berdea eskatzen dute, Ibai Eder jarraituz pasealeku bat ibai ondoa nolabait berezko itxura naturalera ekarraraziz; besteek babes ofizialeko etxebizitzak eskatzen dituzte, alde zaharrarekiko duen gertutasuna herriaren mesedetarako izango den ziurtasunez. Lantegi erraldoi horrek hartzen duen lekuarekin bi aukera horiek eta gehiago egiteko tokia dagoela pentsatzen dut nik, baita beste iritzi emaile pare batek eskatzen zuten kultur etxea egiteko ere. Arazo txiki bat besterik ez genuke izango entzun ditudan kontuak entzun ditudan bezala badira: labea kendu eta azpian izango duen zerrikeria inor gainean ibiltzeko moduan jartzerako, hamar bat urte pasatuko omen dira behintzat.

Bestalde, Soreasu antzoki zaharra bota behar dute berria eraiki ahal izateko. Eta bitartean, zer? Antzokirik eta kultur etxerik gabeko hamalau mila biztanleko munduko herri bakarra izan behar al dugu? Aurreikusi al da Udaletik urtero antolatzen diren ekitaldiak non demontre eskaini behar zaizkion herriari? Eragile kulturalak, hau da, antolatzaile izan ohi direnak, jakinaren gainean al daude? Nik dakidanez, ez.

Uste dut neurri horretako lan bat egiteko ez dela denbora gutxi beharko, eta bitartean pilotalekua eta polikiroldegia izango dira jende asko biltzeko moduko gune bakarrak. Berrehun lagun inguru bildu ditzazkeen bertso saio baten moduko ekitaldiak pilotalekura eraman behar al dira? Kabituko dira bai!