Ertzaintzak Kike Zurutuza askatu du, atzo mitin batean atxilotu ostean

  • Azpeitiarra Batasunak antolatutako hitzaldia ematekoa zen Gasteizen, baina Ertzaintzak galerazi egin zuen
  • Zurutuzak Ibarretxe "iruzurretan" ari dela esan dio Uztarriari

Kike Zurutuza aske utzi du Ertzaintzak gaur 00:00etan, atzo (asteartea) arratsaldean ekitaldia ematera zihoala atxilotu ostean. Gasteizen gertatu zen atxiloketa.

Zurutuza azpeitiarra da, eta gaur egun Gasteizen bizi da. EAEko hauteskundeetan Araban Batasunaren hautes zerrendan dago, atzo zortzietan hitzaldia ematekoa zen Gasteizen, baina Ertzaintza agertu eta ez zien utzi egiten, ekitaldia "legezkoa ez" zela esanda —hala erabaki zuelako Hautes Batzordeak—, Zurutuzak berak uztarria.com-i jakinarazi dionez: "Ezker abertzalearen hausnarketa politikoa egiteko bildu ginen. 20:00etan zen baina lehenago Ertzaintzak hartuta zuen lekua, eta legezkoa ez zela zioen paper batekin gerturatu ziren. Guk biltzea oinarrizko eskubidea dela esan genien eta pankarta zabaldu genuen. Adierazpen batzuk egin nituen eta atxilotu egin ninduten beste batekin batera. 20:10 aldera gertatu zen". Pankartak Eskubide zibil eta politikoen defentsan. Orain Batasuna leloa zeraman.

"Behin komisaldegira iritsitakoan, argazkiak atera eta hatz markak hartu zizkiguten. 23:00ak aldera iritsi zen ofizioko abokatua eta deklaratzeko eskubidea eman zidaten; gaueko hamabietan kalean nengoen", dio Arabako Batasunako zerrendakideak. Orain epaileak noiz deituko dagoela adierazi du Zurutuzak.

Ibarretxeren "iruzurra"

Bihar Gasteizen Batasunak beste ekitaldi bat egingo du, eta Zurutuzak "munduko edozein polizik" biltzeko eskubidea ez dietela ukatuko esan du: "Ez Ertzaintzak, ez Guardia Zibilak, ez Espainiako Poliziak eta ez munduko beste poliziek ez digute ukatuko biltzeko dugun eskubidea, demokrazia ororen oinarria baita. Batasunaren kartelak dioen bezala, oztopo guztien gainetik aurrera egingo dugu".

Bide batez, Juan Joxe Ibarretxe EAEko lehendakari eta EAJ-EAko zerrendaburuaren jarrera salatu du: "Ibarretxe kontraesanean dabil. Kontsulta egingo duela esanez bideratu ditu hauteskunde kanpainak. Baina, nola bermatuko du hori herri honen bozkak eta ahotsak bermatzeko gai ez bada? Inori iruzurrik ez egiteko eskatzen diogu Ibarretxeri".

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide