EAk esandakoaz zenbait zehaztapen

Julian Eizmendi (Azpeitiko alkatea, Udaleko EAJ/PNV-ren izenean) 2005ko api. 4a, 21:04

EAk adin nagusien egoitzetaz atera dituen zifra, datu eta beste hainbait komentarioez zenbait zehaztapen egin nahi dugu idatzi honen bidez.

Udaleko EAJ/PNVek beti gauza bera adierazi eta defendatu du: pasa den otsailaren 24an udalbatzarrean bozkatu ziren bi alternatiben artean ez dagoela kostu diferentzia errelebanterik, udalbatzarrean erabilitako datuetan eta gero banatutako triptikoan adierazi genuen bezala.

Argitaratutakoaz hona hemen zenbait zehaztapen:

1-. Ez dugu gauza bera konparatzen eta ondorioz zaila da kopuru berdinak ateratzea. San Martinek 2004ko urriaren 15ean hartu zuen erabakiaren ondorioz (bertatik ez mugitzea), aipatutako otsaileko udalbatzarrean Udalak honako bi alternatiba hauen artean erabaki behar izan zuen, 15-20 urtez adin nagusientzako aterabide gisa:

a) San Martinen erreforma (50 plazatik 76ra gehitzea proiektatuz) gehi Loiolabideko lehen fasea (60 egoitza plaza, 40 eguneko zentrokoak eta 20 apartamentu tutelatukoak).

b) San Martinen 120 egoitza plaza eta 36 eguneko zentrokoak, apartamentu tutelatuak beste toki batean izango liratekeelarik. Bi proiektu hauen artean erabaki behar zen, beraz, bien arteko kostuak konparatu behar ditugu eta ez, egiten duten bezala, San Martingo alternatiba Loiolabideko bi faseetako eraikuntzekin.

Eta udalbatzarreko eztabaidan eta banatutako triptikoan azaldu genuen bezala, bien arteko aldea 194.755 eurokoa dugu, eta datu hauek Foru Aldundiko teknikoekin kontrastatuta daude. Zenbaki horietan ez ziren sartzen apartamentu tutelatuak (bi alternatibetan egin beharrekoak) ezta lur azpiko garajeak ere (opzionalak izanik). Loiolabiden 10.000 metro koadroko lur azaleran ere presta daitezke nahiko aparkaleku, San Martinen aldiz, arazoari aurre egiteko, lur azpikoetara jo beharko litzateke kostuak areagotuz.

2-. Konparatu beharreko bi alternatibetan kontutan hartzen dira San Martingo baliabide ekonomikoak, bi proiektuetan.

San Martinek bi kasuetan ipiniko lituzke 1.800.000 euro inguru: EAren alternatiban bai, baina baita onartutako alternatiban ere, San Martin bera eraberritzeko ipini beharko lituzkeenak. Beraz, hemen ere alderik ez.

3-. Udalaren lursailak, urbanizazio kostuak, kokapena.

Esklabatako area urbanistikoan Udalak lursailak ditu, gehienak egoitza egiteko baldintza eta xedearekin erosita, eta ez daukagu kontzeptu honetan gehiago gastatu beharrik; eta urbanizazio kostuak area urbanistikoak asumitu beharko lituzke. Bestalde, kokapenari buruz, Udalak erabakiko du non eraiki dagokion planeamendu urbanistikoan zehaztuz triptikoan azaltzen den tokian izan daiteke.

Hori guztiagatik, beti esan duguna berresten dugu: bi alternatiben artean ez dagoela diferentzia ekonomiko nagusirik, alde nabarmenik.

Bestalde, dimentsioaz eta biabilitateaz, San Martinek 50 plazarekin funtzionatu izan du. Hor daukagu ere Azkoitiko egoitza, orain eraberritu berria (68 plaza egoitzakoak, 20 eguneko zentrokoak eta 12 apartamentu tutelatuekin), Loiolabideko lehen fasean aurreikusten diren antzeko plaza kopuruekin (60/40/20).

Kalitatearen eta etorkizunaren aldeko apustua egin dugu: gela guztiak indibidualak izango dira (bi pertsonentzako egokitzeko aukerarekin), 20 metro karratukoak, bakoitza bere bainuarekin, denak kanpora begirakoak eta argitsuak; 8.000 metro koadro inguruko gune berdea, paseatzeko leku asko, bai kanpoan bai babesean, aparkatzeko arazorik gabe... eta gerora begira, epe erdi eta luzera, zentroak handitzeko eta zerbitzu berriak eskaintzeko aukera ematen duelarik (Bigarren fasea gauzatuz). Alde batean, 10.000 metro karratu daude, bestean erdiak, denok dakizkigun mugekin.

Bukatzeko zera esan nahi dugu: arazo hau asko eztabaidatua izan dela, erabakia hartu beharra zegoela (aterabideak duen premiagatik, Foru Aldundira laguntzak eskatu behar zirelako, normetan islatu behar delako... ), hartu dugula eta orain ahaleginak guztiak erabakia gauzatzen egin behar ditugula.

Orain arteko iritziak: