Ikuskizunak

Amagoia Iban (Berria) 2005ko mar. 18a, 12:03

Bertso zahar batzuk izan ziren aitzakia. Joan den mende hasieran Iturriozko Muats baserriko semeak aita hil zuela eta Azpeitian urkatu zutela, jendetzaren aurrean. "Zuen birraitona ere han izan zen", esan zuen amama Mariak. Urkatze haiek ez omen ziren orain telebistan agertzen direnak bezalakoak: "Eserita itotzen zuten pertsona, ez esekita". Eta hizketan jarraitu zuen. Zoratzen egon omen zen jendea Azpeitiko Herio ikuskizun hartan. "Beizamako ama-alaba haien hilketa leporatu, torturatu eta preso eduki zuten errugabea neuk ere ikusi nuen, askatu zutenean. Jende asko ginen haren zain", erantsi zuen Mariak. Eta isildu egin zen.

Isiltasuna Mielek eten zuen. Hark ere gogoan zuen bere lehendabiziko ikuskizuna: "Mutil kozkorra nintzen artean, mendiz ihes egiten saiatu zen gizon baten gorpua gure herriko plazan utzi zutenean. Guardia zibilek ekarri zuten, tiroa zeukan buruan. Egun batzuk eduki zuten han, guztion ikuskizun. 36ko gerra bukatu berritan izan zen". Eta isildu egin zen. Mariak eta Mielek ez ziguten telebista pizten utzi. Albistegien ordua zen. Hizketan hasi ginen atzera.