Basajaun, Korrika bukaera

Maria Jesus Salegi Igoa. Josu Zabala Salegi Basajaunen ama 2005ko mar. 18a, 10:03
  • Orain dela zortzi urteko Korrika bukatu zen egunean, Bilbon desagertu zen Josu Zabala Salegi Basajaun, eta egun gutxira hilda azaldu zen Itziarren
  • "Berria"-n argitaratu dute amak idatzitako gutun hau. Ama azpeitiarrra da

Urte bat gehiagoz badator Korrika Euskal Herrian zehar. Zenbat gorabehera. Alaitasun, zarata eta doinu, horiek denokin bat euskara nonahi eta beti aurrera, bakoitzaren bultzadarekin, indar bateratuak multzoa eginez eta pixkanaka-pixkanaka, aurten ere azken urratsa Bilbon.

Orain dela zortzi urte bezalaxe, orduan ere azken pausoak.... eta Bilbon bukaera. Baina Josu, zuretzako benetako azken pausoak. Zure zain zeuden, bota zizuten atzaparra. Hainbat jenderen artean bahitua izan zinen inork jakin gabe; inongo babesik gabe. Ez dakigu ondorengo egun latzen berria besterik. 26 urtetan zehar izandako bizitza moztu zizuten poliziek edo ertzainek. Litekeena guztien artean, beste kasu batzuetan bezalaxe, torturatzailez eta hiltzailez inguratuta gaudelako, gorrotoz gure euskal militanteak sarraskien bitartez suntsitu nahian. Gogorra benetan. Baina ezingo dituzte bizitakoak, ikaskizunak, sentimenduak eta ideiak erail gure herriarekin eta hizkuntzarekin bat doazelako eta maitasunez egiten direlako.