Juan Bastida eta hotz garaiak

  • 'Gara'-k hotzari buruzko erreportaia egin zuen eta Urrestillako Juan Bastidak 1956koa gogoratu zuen
  • Aurrekoan Enrike Zurutuzaren pasadizoak bildu ziren web gune honetan

(...) 25 urte zituen Juan Bastidak, Urestillako Katain baserriko semeak, 1956ko otsaileko neguak bazterrak jelatu zituenean. "Gehien akordatzen naizena ganaduari jaten emateko arbiek ateratzera joan eta ibiltzen genituen komeriak dira. Pertzakada bat ur bero hartuta joaten ginen tarteka, eskuak sumintzen zitzaizkigunean, eskuak uretan sartu eta berotzeko. Negu horretan, tarteka, elur izugarriak ere egin zituen eta ukuilu-aitzurrarekin joaten ginen arbiak elurrez estalita zeudelako. Zuloa egin, arbia atera eta askotan ustelduta egoten zen. Arbi asko usteldu zen urte hartan hotzagatik. Pinu gazteak ere, puntak botatzen ari ziren pinuak, jelatu egin zituen hotzak eta ihartu egin ziren", kontatu digu Juan Bastidak Azpeitiko etxeko sukaldean.

Ordurako, Azpeitian lanean hasia zegoen. "Gure etxetik errepidera kilometro bat izango zen. Oinez egiten genuen tarte hori, eta gero, LarraƱaga izeneko baserrian bizikleta hartu eta Azkue y Cia altzari fabrikara joaten nintzen. Ez genuen eskularrurik erabiltzen. Esku bakarrarekin joaten ginen, txandaka aldatuz, hoztu ahala poltsikoan sartuz. Jantzi ere ez ginen orain bezala janzten. Abarkak izaten ziren baserrian lanerako eta zakua burutik behera. Zangoak ez bustitzeko azpantarrekin edo estali batzuekin estaltzen ziren zangoak. Otarre handia bizkarrean hartuta joaten ginen arbitara egunean bi aldiz. Artean ez zen pentsurik baserrietan, eta arbia izaten zen neguko ganadu-janaren oinarria. Etxean garia egiten zen artean, eta arbia eta gari-lastoarekin gobernatzen zen ganadua. Negu horretan, ordea, arbia usteldu egin zen eta gogoratzen naiz nola Loiola aldeko Esklabatara etorri ginen lastoa ere bukatzen ari zitzaigulako, mojek Nafarroatik-edo lastoa ekarri zutelako", esan zuen.

Etxean sei behi, sei bat txahal eta idi parea zituzten Katainen. Egunean behin ura edatera atera behar izaten zituzten eta atariko putzuan mailuarekin gaineko jela puskatu eta edaten omen zuten. "Txahal gazteei ur pixka bat berotu eta ematen genien edateko. Hirurogei bat oilo ere bagenituen eta oilategiko leiho eta ateak zaku zaharrekin ixten ibiltzen ginen hotza ez sartzeko, oiloak hotzarekin arrautza egiteari uzten baitio. Baserri barruan epelxeago egiten zuen, beheko solairuan batik bat ukuiluko simaurrak eta ganaduaren beroak asko epeltzen baitu. Baina goiko geletan hotz egiten zuen. Gauean, gizonezkook ez, baina emakumeak adreiluak labean berotu eta haiekin joaten ziren ohera", esan zuen Juan Bastidak.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide