Etzi izango da Loiolako IV. mendi biatloia

Urola Kostako Hitza 2005ko mar. 10a, 17:03

Data aurreratu egin dute aurten, maratoi erdia San Jose egunean delako (Urola Kostako Hitza)

Loiolako festa batzordea buru-belarri ari da San Jose jaiak antolatzen. Auzoko jaien inguruko programazioa eta ekitaldiak zehazten ari dira egun hauetan, baina aurten astebete aurretik badago zer egina Loiola auzoan. Mendi biatloia astebete aurreratu dutelako, San Jose egunez Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia izango baita.

"Astebetez aurreratu dugu aurten mendi biatloia, eta San Jose egunean egin beharrean, larunbatean, etzi, egingo dugu", diote Loiolatxo elkartekoek. Horiek osatzen baitute Loiolako festa batzordea. Aurten, mendi biatloia IV. San Jose Sari Nagusia jokatuko da. Etzi da, larunbatez, eta aurten gainera goizean izan beharrean arratsaldez jarri dute ordua; 16:30ean da irteera, Loiolako Herri Irratiaren aurretik.

Mendi biatloian, mendi bizikletaz hamar kilometro eta lasterka lau kilometro egin beharko dituzte kirolariek. Bizikletarekin, Loiolatxo-Sokin-Iturbide-Nartzabal-Loiolatxo ibilbidea eginez eta lasterka, aldiz, Loiolatxo-San Pedro-Loiolatxo. Aurreko biatloietan kirolariak oso gustura agertu izan dira proba bukatutakoan ibilbidearekin: "polita" dela diote.

Lasterketa bukatzen denean, gainera, parte hartzaile guztien artean otartekoak eta oroigarriak banatuko dituzte Loiolatxo elkartean festen antolatzaileek.

Larunbatean bertan, proba hasi aurretik eman behar da izena mendi biatloian parte hartzeko. Probaren irteera ordua 16:30ean da, baina izen-ematea 16:00etan bukatuko da. Biatloian irteteko sei euro ordaindu behar dituzte kirolariek. Iaz, 24 parte hartzailek bukatu zuten Loiolako mendi biatloia.

Baina loiolatarrek jai egun nagusia datorren larunbatean ospatuko dute, San Jose egunean. Urteroko asto lasterketa eta festetako gainontzeko ekitaldiak, trikitilariak, herri kirolak eta abar orduan izango dira Loiolan.