Ertzaintzak atzo gauean bi lagun identifikatu eta orduerdia erretenituta izan zituen Batasunako kartelak jartzeagatik

Batasuna 2005ko mar. 8a, 11:03

Atzo gaueko bederatziak aldera Ertzaintzako patrol bat eta paisanoz zihoazen kotxe bat hurbildu, eta bi herritar identifikatu eta ordu erdi erretenituta izan zituzten

Ertzainek identifikazioa eskatu eta bi herritarrak ukatu egin ziren, errepresaliei beldur. Ertzainen erantzuna izan zen Batasuna ilegala dela eta aktibitate ilegala egiten ari zirela, ondorioz identifikatu ezean komisariara eramatera behartuak izango zirela eta delitua are larriagoa izango zela. Ondoren baten poltsa erregistratzen hasi eta identifikazioa lortu zuten. Komisarian datuak konfirmatu eta ordu erdi pasa ondoren aske utzi zituzten.

Batasunaren prentsa oharra

Batasunatik oso kezkaturik ikusten dugu Azpeitian PNVren gidaritzapean Ertzaintza hartzen ari den jarrera. Espainiako Estatutik datozen erasoen aurrean isilik egotea nahikoa ez eta orain Ertzaintza bera da herrian errepresioaren ikur nagusia. Aurreko astean izan zen plenoan ikusi zen bezala (Unai Lizasoren torturen inguruan, Garikoitz Etxeberria Kafe eta beste gazte auziperatuen inguruan...) isiltasuna eta ezer ez egiteko jarrera da nagusi Azpeitian PNV eta EA alderdietan.

Baina azkenaldian errepresioaren inguruan PNV eta Ertzaintzaren jarrera isilik egotetik haratago doa: multak, santzioak, jarraipenak... Azkeneko adibidea, berriz, Oihane Errazkinen inguruan eman ziren gertakariak ditugu. Oihane dispertsioaren biktima izan zela eta berau amaitzeko eskatzeko adierazpen askatasunean oinarritutako manifestazio baketsu bategatik Espainiako Auzitegi Nazionalera bidali ditu 7 gazte Ertzaintzak "actos de terrorismo" leporatuz.

Horren guztiaren aurrean PNV eta EA alderdiei zera esan nahi diogu: hau al da konponbiderako eta normalizazio politikorako zuen aportazioa eta konpromisoa?

Batasunatik, berriz, gatazkaren konponbiderako konpromisoa berretsi eta Anoetako bideari inoiz baino gogo eta indar handiagoz jarraitzeko konpromisoa berresten dugu. Azkenik, gure jarduna ez dutela geldituko gogoarazi eta asteazkenean arratseko 8:30ean egingo den herri batzarrerako deia berresten dugu.