Soreasuz batzarra deitu du Udalak

Urola Kostako Hitza 2005ko mar. 4a, 11:03

Kulturgune berriaz hitz egiteko ostegunean bilduko da taldeekin

Datorren ostegunean, Udala herriko kultur talde desberdinetako ordezkariekin bilduko da Soreasuko kulturguneaz hitz egiteko, 20:00etan, Sindikatu Zaharrean. Bertan, Siadecokoek orain arte egindako azterketen berri emango dute, Udaleko hirigintzako teknikariak ere egongo dira, eta baita Udaleko Kultura batzordeburua den Aitor Gorrotxategi ere. Taldeei, bilera horretarako deiak egun hauetan ari dira banatzen: "Bileran, orain arte gaiaren inguruan egin dugunaz jardungo dugu. Kulturgune berri horrek izango duen funtzionamendua arautzeko herriko kultur taldeetako ordezkariekin mahai bat osatu nahi da. Eta, ahal bada, batzorde hori biltzeko lehen hitzordua jarriko dugu ostegunean", dio Aitor Gorrotxategik.

Siadecok bi proposamen egin ditu Soreasuko kulturgunearen inguruan, eta otsailean Soreasuko gaur egungo eraikinari eta inguruari dagokion proiektuen ideia lehiaketa bat deitu zuen Udalak. "Aurretik herriko kultur taldeez azterketa bat eginda zegoen eta hori kontuan hartuta zenbat leku beharko litzatekeenaren inguruan kulturgune berriaz azterketa soziologiko bat egin du Siadecok. Eta ideia lehiaketa pixka bat eraikuntzaren beraren egiturari eta inguruko hiritartzeari begirakoa da", azaltzen du Gorrotxategik.

Udalak Soreasuko proiektuari lotutako bi diru laguntza jaso ditu. Foru Aldunditik 1, 8 milioi eurokoa eta Eusko Jaurlaritzako Izartutik 1,4 milioi eurokoa. "Gure aurreikuspenen arabera legegintzaldi honetan proiektu hori egiteko 5 edo 5,5 milioi euroko aurrekontua beharko genuke".

Soreasu antzokiaren gaur egungo eraikina urte bukaera aldera botako dela aurreikusten dute Udalekoek, "urrian edo azaroan".