Garikoitz Etxeberria 'Kafe'-k libre irtengo du gaur

uztarria 2005ko mar. 4a, 11:03
  • Gaur hamabiak baino lehen irtengo du Alcala-Meco kartzelatik
  • Auzitegi Nazionalak atzera bota du espetxealdia luzatzeko eskaera
  • Azkeneko albistea (hilak 5, 10:41): Herrian da

Lau urtean kartzelan izan eta gero, Garikoitz Etxeberria Kafe-k libre irtengo du gaur, behin-behinean. Lehengo astean fiskalak Haika-Segi kasuan azkeneko lau urtean kartzelan dauden gazteen espetxealdia 126 egunez luzatzeko eskatu zuen (igandean beteko dira lau urte atxilotu zituztenetik), baina Espainiako Auzitegi Nazionalak atzera bota du fiskalaren eskaera. Orain dela gutxi jakin da albistea.

Kafez gain, Igor Ortega, Olatz DaƱobeitia, Olatz Carro, Ugaitz Elizaran eta Garazi Biteri dira azkeneko lau urtean kartzelan dauden beste bost gazte, eta haiek ere libre irtengo dute. Aiora Epelde (ama azpeitiarra du) eta Harkaitz Rodriguez ere ordutik preso dituzte, eta biek lau urteko espetxealdia bete arren, ez dituzte libre aterako, beste auzi batzuk direla eta.

Egun hauetan ari dira egiten Haika-Segi epaiketa. Epairik ezean eta luzapenik ezean, ezin dira lau urte baino gehiago egin kartzelan. Kafe Alcala-Mecon egon da preso, Azpeititik 500 kilometrora. 2001eko martxoaren 6an atxilotu zuen Kafe, etxean, Espainiako Poliziak.

Uztarria aldizkarian egindako lehen elkarrizketa hemen

Uztarria aldizkarian egindako bigarren elkarrizketa hemen

Azkeneko albisteak

11:23: Kaiolatik kanpo dago epaitegian. Gaur goizean epaiketako saioa egiten ari dira Madrilen, eta Kafe eta beste bost gazteak han daude baina ez presoentzat prestatuta dagoen kaiola-ren barruan, aretoko aulkietan baizik.

12:26: Tramiteak betetzera kartzelara eguerdian. Kafek oraintxe bertan deitu die gurasoei, eta esan die epaiketako saioko atsedenean daudela, eta esan dietela ordubiak aldera bukatuko dutela eta kartzelara eramango dituztela berriro, trasteak jasotzera eta paper batzuk betetzera. Gaur irtengo du libre, behin-behinean. Gurasoak Madrilera bidean dira orain.

14:50: Ongietorria herrian. Bihar (zapatua, martxoak 5) arratsaldeko zazpietan egingo diote ongietorria herriko plazan Kaferi.

15:35: Gaurko saioa amaitu da eta espetxera bidean da. Kafe gaurko saioa bukatu ondoren Alcala-Meco espetxera bidean da, bere gauzak jasotzeko eta paperak sinatzeko. Handik ateratzeko gaueko 00:00ak arteko epea du, eta ohikoena 20:00etatik 00:00etara bitartean kartzelatik irtetea izaten da.

16:39: Egunero Zarautzera joan behar Guardia Zibilaren kuartelera. Magistratuek Kaferen-eta espetxealdia ez luzatzeko erabaki duen arren, gazteak egunero auzitegira bertara edo bakoitzak etxetik gertuen duen Guardia Zibilaren kuartelera azaltzera behartu ditu. Kafek, beraz, Zarauzkora joan beharko du.

16:55: Auzitegi Nazionalak "bitarteko gehiago behar"... Espainiako Botere Judizialeko Kontseilu Orokorreko bozeramaile Enrique Lopezek bota du, gaurkoa dela medio, eta halaxe jaso behar: "Auzitegi Nazionalera iristen diren prozesu judizialak besteak baino konplexuagoak dira, eta sei gazte hauen behin-behineko askatasunak erakusten du Auzitegi Nazionalean bitarteko material eta pertsonal gehiago behar direla horrelako prozesuak azkarrago egiteko". Hori esan du, Kafe eta beste gazteak kartzelan lau urtean eduki dituztenean... "Hala ere, hauek aske uztea erabat normala da", esanez bukatu du Lopezek.

17:05: Tribunalean 2-1 alde. Hiru magistratuk erabaki behar zuten Kaferen-eta espetxealdia luzatu edo ez, eta haietako bi gazteak aske uztearen alde azaldu dira eta bat kontra. Carlos Ollero da aurka azaldu dena, eta Ollero bera izango da epaiketaren bukaeran sententzia idatziko duena. Alfonso Guevara eta Santiago Pedraz dira beste bi magistratuak.

17:14: Gurasoak eta lagunak kartzela kanpoan zain daude. Uztarria.com-ek Alcala-Mecora abiatu diren azpeitiarrekin hitz egin du oraintxe, eta dagoeneko iritsi direla esan dute. Kaferen gurasoez gain, sei azpeitiar daude kartzela kanpoan zain. Ez dakite Garikoitz Etxeberriak noiz irtengo duen. Igor Ortegaren tartekoak ere hantxe daude.

20:44: Zain segitzen dute. Kaferen (eta Igor Ortegaren) senideek eta lagunek kartzela kanpoan segitzen dute, biek noiz irtengo. Gaueko hamabiak baino lehenago irtengo dute biek, hori delako epea.

22:15: Irten du; 02:00ak aldera, Orkatzen lehen harrera. Kafek irten du kartzelatik, 21:00ak aldera. 02:00ak aldera lehen harrera egingo diote Orkatzen.

10:41 (hilak 5): Herrian da. Goizeko 02:15ean iritsi da Kafe herrira. Ikus Argazkia.