Eskiatzera eta mendira ibilaldia antolatu du Lagun Onak M.B.k

uztarria 2005ko ots. 23a, 17:02
  • Martxoaren 5 eta 6 egunetarako egitasmoa da
  • Eski alpinoa eta eski trabesia egiteko aukera izango da

Lagun Onak Mendi Bazkunak irteera antolatu du martxoaren 5 eta 6 egunetarako. Eski alpinoa eta trabesia, mendi ibilaldi batekin uztartuko dira asteburu horretan. Kandantxura joango dira. Irteera larunbat goizeko lauretan izango da plazatik.

Kandantxuko pistetan eski alpinoa egiteko aukera izango da. Eski trabesia eta mendi ibilaldia "bere garaian" zehaztuko dira. Gaua Canfranc-eko Sergantana aterpean igaroko da.

Izena martxoaren 2baino lehen eman behar da mendizaleetako tabernan. Ordaindu beharrekoa:

  • Bazkideek 50 euro
  • Ikasleek eta langabetuek 30 euro
  • Gainontzekoek 60 euro

Kopuru hauetan larunbateko afaria, aterpea, igandeko gosaria eta autobusa sartzen dira.

Lagun Onak M.B.k ondorengo ohar hauek eman nahi dituzte animatzen direnentzat:

Mendiko oharrak: Kranpoiak eta pioleta eramatea derrigorrezkoa da.

Eski alpinoko oharrak: Eski estaziorako behar diren eski, bastoi eta forfaitak norbere kontura izango dira.

Eski trabesiko oharrak:

  • Eski alpinoan maila handia eduki behar da trabesiko eskia egiteko.
  • Gehienez 10 laguneko taldeak izango dira.
  • Monitore bat egongo da ikastaroa aurrera eramateko.
  • Ikastaroaren helburua eta edukia zapaldu gabeko elurretan (pistetatik kanpora) eski konbentzionalekin jaisteko teknikak ikasi eta praktikatzea da. Baita ere foka larruekin ibiltzeko eta igoeran norabide aldaketak egiteko teknikak ikasi eta praktikatzea.
  • Zeharkaldietarako eskiak, bastoiak, foka larruak, ez labaintzeko kutxilak eta gomazko zoladun bota norbere kontura izango dira.
  • Kranpoiak eta pioleta ematea derrigorrezkoa da.

Ohar orokorrak:

  • Mendian federatua egotea derrigorrezkoa da.
  • Ibilaldi horretara etortzeko gutxienez 16 urte behar dira. 16 urte baino gutxiagokoek gurasoen baimen agiria aurkeztu beharko dute.
  • Lo egiteko zakuren edo izeraren bat ematea komeni da.
  • Elkarteak ahalmena izango du egitaraua aldatzeko eguraldiagatik edo beste zernahigatik.

Aurreko irteera

Lagun Onak M.B.k duela gutxi irteera bat egin berri du. Eguraldiak ez zien askorik lagundu, baina ederki moldatu ziren. Turismoa egin zuten San Juan de la Peñal eta Sos de los Reyes Catolicos ikusiz. Hala ere izan zuten aukera hasierako asmoak betetzeko. Formigalera joateko asmoa bazuten ere, eguraldi txarragatik azkenean Jacara joan ziren eskiatu nahi zutenek aukera izan zezaten. Eta mendirako gogoz zeudenak Peña Oroel mendira joan ziren.