"Bertso, musika, antzerki" ikuskizuna

III. Erniarraitz Bertso Paper lehiaketako sarituak
  • Erniarraitzen V. Bertso Astearen barruan izan zen Lagun Onak M.B.ren elkartean.
  • Bertso Paper Lehiketako sariak banatu ziren: Xabier eta Josu Azpillaga, German Zelaia, Nekane Zinkunegi eta Silvia Etxaniz izan ziren sairtuak.
  • Bertso sorta osoak eskaintzen dira hemen.

Erniarraitzen V. Bertso Astearen barruan, Bertso, musika, antzerki... emanaldia izan zen atzo, ostirala, Lagun Onak M.B.ren elkartean. Ehun bat lagun bertaratu ziren.

Hiru zatitan banatu zen ekitaldia: bertso zahar musikatuetan, bakarrrizekta batean eta lehiaketako sari banaketan.

Bertso musikatuak

Leire Ostolaza eta Ander Urbieta bertsolariek, hiru gitarra jolek lagunduta, bertso zaharrak abestu zituzten aurrena. OtaƱorenak, Txirritarenak, Lazkao Txikirenak, Rufino Iraolarenak... Bertso zahar mordoa, ezagunak batzuk eta ezezagunagoak beste batzuk.

Herritarrei dagokienez, Xebastian Lizaso eta Imanol Lazkanok Ordizian egindako bapateko bertso saio bat gogoratu zuten, Lazkano berak idatzitako beste sorta bat, German Zelaiak duela bi urte ipinitakoak eta Joxe Agirrek baserri munduari buruz jarritako bertso sorta bat ere bai.

Sorpresa: Imanol Lazkanoren bakarrizketa

"Sorpresa txiki bat", "ustekabeko atsegina" egongo zela iragarrita zuten antolatzaileek, eta halaxe izan zen.

Sorpresa hura, Imanol Lazkano zen. Telebistako programa arrakastatsu batzuk modan ipini duten formatura egokitu zuen bere jarduna: gai bat hartu eta hogei bat minututako bakarrizketa egin zuen.

"Esperimentu hartan parte hartzeko bere ausardia barkatzeko" esanez hasi zen Lazkano, eta ondoren bakarrizketaren gaia zen izango zen argitu zuen: "komuna, etxe guztietan daukagun txoko hori". Handik aurrera txiste, pasadizo, erreferentzia eta gertaerez osatutako kontakizuna, ixildu ere egin gabe. Jendea farrez, eta gustora.

Bertsotan ezezik, hizketan ere etorri haundikoa dela erakutsi zuen gaur bertan (larunbata) Bertsozale Elkarteko lehendakaritza utziko duen Lazkanok

Sari banaketa

Bukatzeko, Erniarraitzen antolatutako III. Bertso paper lehiaketako sari banaketa izan zen, Laxaro Azkuneren eskutik. Irabazleek, bertsoak abestu zituzten, saria jasotzearekin batera.

Hona hemen irabazle guztien bertso-sortak eta sariak:

A maila: 18 urtetik beherakoak

  1. Nekane Zinkunegi (Errezil). Honako gaia hartu zuen Nekanek sorta idazteko: Gaur 15 urte bete ditut, orain arte gurasotzat eduki ditudan pertsonek ume adoptatua naizela esan didate. Saria, 100 euro. Bertso sorta osoa (pdf formatua)
  2. Silvia Etxaniz (Azkotia). Amona batek bere bilobari 2092an izeneko bertso sortarekin. Etorkizunean kokatutako bertso sorta aurkeztu zuen Etxanizek. Saria, 50 euro. Bertso sorta osoa (pdf formatua)

A maila: 18 urtetik gorakoak

  1. Xabier eta Josu Azpillaga anaiak (Azpeitia). Zapatu gau batean izeneko bertso sortarekin, zapatu gau bateko parranda berezi baten gorabeherak kontatzen dituzte. Saria, 200 euro. Bertso sorta osoa (pdf formatua)
  2. German Zelaia (aizarnarra, Azpeitian bizi da). Hauteskundeak direla-eta idatzitako Berriro!! izeneko bertso sortarekin. Saria, 100 euro. Bertso sorta osoa (pdf formatua)

Gaueko 12ak pasa ondoren amaitu zen musikaz eta bertsoz bukatutako gaubela.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide