Udal Gobernuak "indarkeria mota guztiak" baztertu ditu onartu duen mozioan

uztarria 2005ko ots. 14a, 19:02
  • Pleno berezian bi mozio aurkeztu dira, Udal Gobernuarena (EAJ eta EA) eta Habearena, eta aurrena onartu da

Gaur 13:30ean pleno berezia egin dute udaletxean azkeneko atxiloketa eta atxiloketa saioa direla eta. Bi mozio aurkeztu dira: Habearena eta bestea Udala Gobernua osatzen duten EAJ eta EA alderdiarena. Azken horiena bozkatu eta onartu da, EAJko eta EAko zinegotzien aldeko botoekin.

PSOEko zinegotzia ez da joan eta PPko bozka aurretik joan da.

Ondoren honako agiria atera du Udalak:

"Aurreko astean Azpeitian gertatutako ekintzen aurrean Azpeitiko EAJ-PNV eta EA talde politikoek adierazi nahi dute:

1-. Azpeitiko Udalaren izenean dei egiten zaio, Audientzia Nazionaleko dagokion organu judizialari, Unai Lizasoren eskubide konstituzionalak errespetatuak izan daitezen, bere detentzio egoeran. Modu berezi batean giza eskubideen errespetuari dagokionean, bere errugabetasun presuntzioa eta pertsona bezala zor zaion duintasunezko tratamendua, gainontzeko berme prozesal eta penal guztiekin batera.

Zentzu honetan, pertsona ororen giza eskubideei zor zaien errespetu hertsitik, lege antiterroristaren errebisioa eskatzen da, giza eskubide hauek bortxatu ditzakeen neuriian.

2-. Asteazkeneko gertaeraz ere Udal honek hurrengo egunean atera zuen ondorengo adierazpena berretsi egiten du:

*2005eko otsailaren 9ko arratsadean Azpeitian Polizia Nazionalak izandako portaeraren aurrean, Azpeitiko Udalak bere kezka adierazi nahi du. Herritarrak izutu zituen portaera honek eta dauzkagun datu guztien arabera ez da justifikatzen. Are gehiago, portaera horrek, Polizia beraren ekimenak, sor zezakeen arrisku egoera.

Jokabide horren aurrean, gure kexa eta salaketa adierazi nahi ditugu eta berriro errepikatu ez dadila exijitzen diegu dagokien arduradunei*.

3-. Bestalde, ez ditugu onartzen ere ostiral gauen zenbait enkaputxatuk egin zituzten barrikadak, zazpi bat kontenedore errez. Zer lortzen da horrelako ekintzekin? Ekintza hauek ere, kalte ekonomikoez gain, izua eta beldurra eragiten dute herriarengan.

4-. Indarkeria, estortsio eta jarrera baztertzaile mota guztiak gaitzetsiaz, bide politiko eta demokratikoen aldeko apustu sendoa egiten dugu. Bide honetatik bakarrik lortuko baita gure herrian, hain premiazko dugun bake eta normalizazio politikoa".

Habeak aurkeztutakoa, berriz, honako hauxe da:

1-. Udal honek espainiar poliziaren atxiloketa eta saikera salatzen ditu, herriko bi semeen aurka burututakoak, estatuek daramaten errepresioaren adirazgarri direnak. Momentu hauetan Unai Lizsoren inkomunikazio egoera kentzea exijitzen dugu, eta onartua duen torturaren aurkako protokoloa burutu.

2-. Udal honek Azpeitiko okupazio poliziala salatzen du, kaleetan tiroka ibili, pistolak eskuan jendea identifikatu, herrian izua zabaldu, bi etxe miatu eta horretarako inpunitate guztiz jokatu dutelako.

3-. Horrela, Udal honek errepresioa alde batera utzi eta urrats ausartak emanaz, Euskal Herriaren eskubideak errespetatzeko eskatzen die espainiar zein frantziar estatuei.

4-. Beharrezkoa da konponbiderako ezinbesteko urrats moduan, gerra egitera etorri diren indar polizialak Azpeititik eta Euskal Herritik alde egitea.

5-. Udal honek, Iker Iparragirreren eta Unai Lizasoren sendiei babesa eskaintzen die bizi dituzten momentu latz hauetan.

6-. Azkenik, Udal honek gai hauen inguruan egingo diren mobilizazioekin bat egiten du, eta hauek egiteko dagoen adierazpen askatasuna defendatuko du.

7-. Hau guztia, bando eta prentsa bidez Azpeitiko herriari helaraziko dio".